Catalog bidez Panic enpresaren gailuarentzako hamasei joko eros ditzakegu. Etorkizunean eskaintza zabaltzeko asmoa dute.

Panicetik aditzera eman dutenez, Playdate kontsolarentzako eguneraketa berezia argitaratu dute: kontsola eramangarri retroak bere saltokia ireki du.

Catalog deitua, orain arte proposatutako eskaintza zeharo aldatzen du; izan ere, bi astero titulu berriak kaleratuz ekin zioten gailuari —berez 24 lanekin estreinatu zen—. Orain, baina, saltokian nahi bezala argitaratuko dituzte bideojoko berriak.

Saltokia hamasei bideojokorekin iritsi da. Mota guztietako generoak proposatzen ditu garatzaile bakoitzak, eta gauza bera gertatzen da prezioekin: doako ekoizpenak, dolar bakarreko jokoak zein hamabost dolarreko prezioa duten obrak daude Catalogen. Hor doa zerrenda osoa:

  • A Joke That’s Worth .99¢ – kamibox (1$)
  • Bloom – RNG Party (10$)
  • Carve Jr. – Chuhai Labs (8$)
  • Direct Drive – DAC Vector (15$)
  • Down the Oubliette – Rebecca König (5$)
  • Eyeland – Ron Lent (2$)
  • Grand Tour Legends – Iorama (6$)
  • Hidey Spot – Panic (6$)
  • Playmaker – Dustin Mierau (15$)
  • Recommendation Dog!! – Sweet Baby Inc. (dohainik)
  • Reel Steal – Sweet Baby Inc. (dohainik)
  • Skew: A The Last Worker Spinoff – Oiffy (6$)
  • Swap Machina – NaOH & Zion D. Hill (5$)
  • Tapeworm Disco Puzzle – Lowtek Games (9$)
  • The Botanist – Cadin Batrack (9$)
  • Word Trip – Shaun Inman (6$)

Etorkizunean katalogoa zabaltzen joateko asmoa aurreratu dute. Gainera, orain arte egin modura garatzaileek Itch.io edo Gumroad plataformen bidez jokoak saltzen jarraitzeko aukera edukiko dutela azpimarratu dute Panicetik.

Edonork sor ditzake Playdaterako bideojokoak: hori egiteko Playdate SDK tresna sorta zein Pulp izeneko sareko editorea eskaintzen dituzte arduradunek.

Saltokiarena ez da izan emandako berri bakarra: Playdatearen prezioa areagotuko dutela iragarri dute. Une honetan 179 dolarretan saltzen duten gailuak 20 dolarreko prezio igoera jasango du apirilaren 7an. Arduradunek diotenez fabrikazio kostuari lotutako igoera da.

2,7 hazbeteko argirik gabeko pantaila, A eta B botoiak eta ezaugarri nagusia, biradera, eskaintzen dituen kontsola txiki eta berezia da Playdatea. Iaz merkaturatu zutenetik 25.000 ale saldu dituztela diote Panicekoek; gaur egun ere itxarote zerrenda bidez soilik eskura daiteke gailua.