Edonori zuzendutako erreminta da: kodea pikatzen egon gabe sorkuntzak modu bisualean eta errazean eratzeko balio du.

Playdate kontsola eramangarriari buruz hitz egin dugu aurretik Game Erauntsian. Panic enpresak sortutako gailu berezi hau 2022an merkaturatuko da bideo-jokoen eskaintza bereziarekin: horien artean daude erabiltzaileek sortutako joko propioak. Hauek garatzeko tresna abiarazi dute gaur arduradunek; Pulp deitua, beta fasean erabili daiteke dagoeneko.

Erreminta interesgarri hau Playdaten web orrialdetik probatu daiteke. Hasiera batetik argi geratzen da edonori zuzendutako programa dela: jokoak sortzeko kodea erabili beharrean, formatu bisuala eta ulerterraza eskaintzen du Pulpek.

Artea sortu eta editatu, musika zein soinu efektuak gehitu, animazioak frogatu, mailak eratu eta asko gehiagorako balio du tresnak. Orokorrean, joko txikiak eratzeko baliogarria da; Playdatek eskaintzen dituen estiloko lanak, hain zuzen ere. Dena dela, proba azkarrak egiteko balio du baita ere.

Pulpscript deitutako lengoaia erabili daiteke gainera. Modu horretara, maila anitzetako erabiltzaileengana eta sortzaileengana iritsi nahi dute Panicekoek.

Programatik bertatik froga daitezke sortutakoak; hauek, gainera, komunitatearekin partekatu daitezke, hauek jokatu, editatu eta berriz partekatzeko aukerarekin. Ondoren, eratutakoak kontsola eramangarrira zuzenean bidaltzeko aukera eskaintzen du.

Pulpez gain, garatzaileei zuzendutako SDK garapen kita publiko egingo dute; otsailean argitaratuko dutela aipatzen dute webgunean.

Azaroan baieztatu zuten Playdatearen berandutzea: 2022 hasierara geroratu zuten, data zehaztu gabe. Bateriekin izandako arazoak izan ziren atzerapenaren argudioa; beste hornitzailei bati berriak erosi ondoren, ekoizpenari ekin zioten.

2,7 hazbeteko argirik gabeko pantaila, A eta B botoiak zein biradera. Hori izango da kontsola eramangarriak eskainiko duena. Esan bezala, joko txiki nahiz berritzaileak jokatzeko aukera eman nahi dute arduradunek: printzipioz indie garatzaile ezagunek garatutako 24 bideo-jokorekin merkaturatuko dute, zaleek egindakoak zenbatu gabe.

179 dolarren truke eskuratu daiteke Playdate kontsola Panicen webgunean. Itxarote zerrenda daukate: albistea argitaratu den unean erreserba eginez gero, 2022 bukaeran jasoko duzu gailua.