PS kontsola originalaren kolore eskema erabiliko dute, aginte eta guzti. Erreserbak irailaren 26an irekiko dituzte, gailuak azaro bukaeran kaleratzeko.
PlayStation bere 30. urtebetetzerako prestatzen ari da. Orain egun batzuk iragarritako bitxikeriez gain, PlayStation 5 kontsolaren edizio bereziak aurkeztu dituzte.
Agerikoa den bezala, lehen kontsolaren kolore eskema jarraituko dute egungo gailuetan: grisa nagusi duten, eta logo zaharra erabiltzen duten PS5 All Digital zein PS5 Pro modeloak merkaturatuko dituzte, horrela. Kontsolarekin batera hainbat oparitxo etorriko zaizkigu: retro diseinudun kaxa, memory card klasikoen itxura daukaten USB kableak, mandoen ikurrak dituzten kableak lotzeko osagarriak, pegatinak eta posterrak.
DualSense aginteak ere, nola ez, kolore berriokin estreinatuko dira, Edge zein bertsio arruntean, zorroa eta guzti. Zoritxarrez, urteurreneko PS5 Pro edizioan soilik ikusiko dugu gris klasikoa; bestela, agintea bakarrik erosi beharko dugu.
Bukatzeko, azkenean aurreikusitakoa baino askoz arrakastatsuagoa izatera heldu den PlayStation Portal gailua ere animatuko da urteurrena ospatzera: streaming gailuaren mando bereziak 30 urteetako kolore eskema jasoko du.
Edizio bereziak eskuratzea zaila izango dela dirudi. PlayStationekoen arabera, 30. urteurreneko PS5 Proaren 12.300 unitate prestatu dituzte mundu osorako —jatorrizko kontsola abenduaren 3an estreinatu zen Japonian, eta horri keinu egin nahi izan diote—. Ez dute zehaztu gainerako gailuen kopurua.
Erreserbak irailaren 26an abiatuko dira, azaroaren 21ean kaleratzeko asmoarekin. Gailu bakoitzaren prezioa? Ez dakigu oraindik: erreserbekin batera iragartzea espero da.
Iruzkinak