Aldi baterako eguneraketa izango da. Beherapen bereziak abiatu dituzte PS Store saltokian.
PlayStationek 30 urte bete ditu gaur. 1994ko abenduaren 3an merkaturatu zen PS1 kontsola Japonian; Europan ikusteko pixkat gehiago itxaron behar izan genuen, ordea, 1995eko irailera arte. Horren egun berezia ospatzeko ekintza bereziak abiatu ditu Sony-k: PS5ean kontsola zaharren interfazeak, menuak eta soinuak ikusiko ditugu egunotan.
PlayStation, PlayStation 2, PlayStation 3 eta PlayStation 4 gailuetan ikusitakoak berreskuratu dituzte, hortaz, gaur egungo kontsolan. Adibidez, kontsola abiarazterakoan Sony Computer Entertainment-en logo eta doinu zahar mitikoak agertuko zaizkigu.
Zoritxarrez, ez dirudi betirako aldaketa izango denik; aldi baterako eguneratzea dela aipatzen dute PlayStationetik.
Ez da urteurrenarekin batera jasotako berritasun bakarra: nola ez, beherapenak ere aurkeztu dituzte PlayStation Store saltokian. Eskaintza interesgarriak daude joko zaharretan zein berrietan, gabonetako opariak erosteko aproposak.
Irailean hardware modelo bereziak jaso genituen, bestalde: PS1 originalaren kolore eskema zuten PS5, PS Portal eta DualSense gailuak salgai jarri zituzten.
PlayStation 2, errege
Japoniarren ibilbidea benetan oparoa izan da, kontsolen hainbat belaunaldi menperatzea lortuz. PS2ak jarraitzen du erabateko erregea izaten, baina.
Kontsolaren salmenten zifra zehatza ez da horren argia, baina egunotan eguneratze ofiziala jaso dugu Sonyren aldetik: 2.000 urtean merkaturatu zutenetenik 160.000.000 PS2 baino gehiago saldu dituztela nabarmentzen dute 30. urteurrenaren webgunean. Horrez gain, Gamespot agerkariak gaur aditzera eman duenez, Sonyk 160.636.885 PS2 sortu zituen.
Horren kontsola arrakastatsua izan zen, PS4aren aroan ere PS2ak fabrikatzen jarraitu zutela. Jokoen ekoizpenak, berriz, PS3aren garaira arte jarraitu zuen: Wii eta PS2 teknikoki parean aurkitzen zirenez, enpresa askorentzat errentagarria zen PlayStationen kontsola zaharrarentzako jokoak kaleratzen jarraitzea. Ez hori bakarrik, hainbat herrialdetan sasoi betean jarraitzen zuen bigarren gailuak.
Iruzkinak