Azken hiruhilabetean 1,5 milioi kontsola eta 80,9 milioi joko saldu dituzte.
Sonyk bere azken zerga-urteko bigarren hiruhilabeteko emaitza finantzarioak argitaratu ditu. Bertan azaltzen denez, 2013an argitaratu zenetik urte honetako irailera arte 114 milioi Playstation 4 kontsola saltzea lortu du enpresa japoniarrak.
Zehazki, uztailetik irailera bitartean 1,5 milioi kontsola saldu ditu guztira. Aurreko urteko epe berean 2,8 milioi ale saldu ziren; beherakada nabarmenak zergati argia dauka: orain egun batzuk PlayStation 5a mundu osoko saltokietan jarri da salgai.
Software aldetik, bigarren hiruhilabete horretan Sonyk propio ekoiztutako 12,4 milioi bideojoko saldu ditu. Guztira PS4rako kaleratutako 80,9 milioi joko dira saldutakoak. Aurreko hiruhilabetearekin alderatuta behera egin dute salmente, baina The Last of Us Part II orduan merkaturatu zela gogoratu beharra dago.
Bideojoko digitalak jarraitzen dute salduenak izaten: garatzaileen lanen %59a formatu digitalean erosi dute jokalariek. PS Plus harpidetza zerbitzuko erabiltzaileek gora egin dute azken hiruhilabetean, marka guztiak hautsiz: 45,9 milioi jokalarik erabiltzen dute zerbitzua.
PlayStation 5ari buruz ere mintzatu da Hiroki Totoki Sonyko zuzendari exekutiboa. Analista eta inbertitzaileekin mantendutako bilera batean kontsola berriak galerak ekarriko dituela nabarmendu zuen, hasiera batean bada ere.
Halere, zerga-urtea bukatu aurretik 7,6 milioi PS5 saltzeko asmoa aldarrikatu du Totokik, PS4ak hasieran lortutako salmentak gaindituz modu horretara.
Aplikazio eraberritua
PlayStationen aplikazio berria ere argitaratu dute gailu mugikorretarako. PS5 zein PS4rako euskarria dauka, eta Android zein iOS gailuetarako bertsioak garatu dituzte.
Gehitutako adiskideak konektatuta dauden ikusteaz gain jokatzen ari diren jokoak eta lortu dituzten garaikurrak ikusteko balio du. Ez hori bakarrik, txat zerbitzu guztiak bateratu ditu aplikazio berriak: idatzizko txatarekin batera ahozko txat berria ere edukiko du. Hamabost lagun batu ahalko dira ahozko gela horietan.
PS5arekin aukera bereziak eskaintzen ditu aplikazioak. Jokoak bertatik hasteko aukera emango du, baita memoria gestionatzeko ezarpenak ere joko bat jaisterakoan lekua egitea beharrezkoa baldin bada.
Iruzkinak