Digital Editiona 399 eurotara argitaratuko du Sonyk. Final Fantasy XVI, Hogwarts Legacy, God of War eta beste hainbat bideojoko aurkeztu dituzte.
Sonyk Playstation 5eko bideojokoen 40 minutuko aurkezpena agindu zuen joan den astean. Bideojokoak soilik ikusi beharrean, kontsola berriaren argitaratze data eta prezioa iragarri dute japoniarrek: azaroaren 19an kaleratuko da PS5a, 499 eurotako prezioarekin. Digital Editionak, berriz, 399 euro balioko ditu.
Kontsolaren azken datu horiek aurkezpenaren amaierako utzi zituzten: aurretik dagoeneko aurkeztutako bideojokoak zein berritasunak ikusi genituen.
Aurkezpena Square Enixekin hasi zuten; Final Fantasy XVIren iragarpenaren zurrumurrak zabaldu ziren egun batzuk lehenago eta bete egin dira. Borroka zein zinematikak batzen zituen trailer batekin aurkeztu zuten JRPG ospetsuaren atal berria; Erdi Aroko fantasiara itzuliko gara FF XVIrekin.
Argitaratze datari buruzko xehetasunik gabe bukatu zuten trailerra, baina PS5erako exklusiboa izango dela aldarrikatu zuten, kontsoletan behintzat.
Aurpegi ezagun batekin jarraitu dute Sonykoek: Spider-Man: Miles Moralesen zazpi minutuko trailerrarekin. Ez da PS5erako bakarrik argitaratuko, PS4ean ere kaleratuko dute. Aurreko jokoarekin egindako bidea jarraituko du Milesen abenturak.
Playstation 5arekin batera estreinatuko dela adierazi dute japoniarrek: azaroaren 19an iritsiko da saltokietara,
Orain bi urte filtratutako bideo baten bidez ikusi genuen Harry Potterren unibertsoan oinarritutako jokoa. Sonyren ekimena izan da lehen trailer ofiziala ikusteko aukeratutako unea. Hogwarts Legacy 1800. urteko azti eta sorginen eskolara bidaiatuko dugu. Bertan guk sortutako pertsonaiarekin jokatuko dugu.
Datorren urtean argitaratuko da PC eta kontsoletarako, oraindik zehaztu gabeko egun batean.
Call of Duty: Black Ops Cold Warren lehen gameplay bideoarekin jarraitu dute. Gerra hotzera inoiz baino tiro eta akzio gehiago ekarriko ditu Activisionen jokoak. Resident Evil VII Villagen trailer berria erakusteko aprobetxatu zuen Capcomek: datorren urtean estreinatuko da PS5, PC eta Xbox Seriesen.
Arkane Studiosen Deathloop 2021era atzeratu den arren irudi berriak ikusi ditugu aurkezpenean; bigarren hiruhilekoan merkaturatuko da. Vergil Devil May Cry 5era helduko da bere Special Editionean: hainbat berritasun eta hobekuntza gehituko dizkio Capcomen hack&slash arrakastatsuari.
Boletariarako itzulera hurbil dago: Demon’s Soulsen remakea kontsolarekin batera argitaratuko da azaroan. Lehen gameplay trailerra erakutsi dute Bluepointekoek, eta argi utzi dute Miyazakiren lehen souls jokoaren berriztatze osoa izango dela.
Playstation Plus Collection zerbitzua aurkeztu zuten ondoren. PS Plusen harpidedunek irabaziko duten ezaugarria da, ezer gehiago ordaindu gabe. Bertan, Xbox Game Passean ikusi antzera, PS4ko hainbat bideojoko batuko dituzte kontsola berrirako.
Azken iragarpena teaser bezala egin du Sonyk, baina zaleak pozik uztekoa izan da. God of War berria prestatzen ari dira Playstation 5erako, eta printzipioz 2021erako argitaratuko dute.
Aurkezpena bukatuta Sonyren belaunaldi berrirako xehetasunak irtetzen hasi dira sarean. Nabarmenena bideojokoen prezioa da: 80 eurotara kaleratuko dituzte Demon’s Souls, Spider-Man: Miles Morales eta Sackboy A Big Adventure bezalako lanak.
Osagarri ofizialen prezioak ere zehaztu dituzte:
- DualSense: 69,99 €
- PULSE 3D wireless headset: 99,99 €
- HD Camera: 59,99 €
- Media Remote: 29,99 €
- Agintea kargatzeko estazioa: 29,99 €
Iruzkinak