Jokatzen gabiltzan bideojokoen informazio gehigarri eguneratua eskaintzen da orain.

Sony-koek euren azken kontsola hobetzen jarraitzen dute. PlayStation 5ak 7.0 eguneraketa jaso du, “zaleek eskatutako ezaugarriak gehituz”, Hideaki Nishino SIEko plataforma esperientziako lehendakariordeak PS Blog-ean aditzera eman duenez.

Interesgarrienak, ziurrenik, ezaugarri sozialak dira. Nabarmenena Discord zerbitzuko ahots txatetan parte hartu ahal izatea da: oraindik aurrera PS5aren erabiltzaileek lagunekin zuzenean hitz egin dezakete plataforma ezagunaren txatik erabilienetan. Ez hori bakarrik: jokatzen zabiltzan titulua Discord bidez adierazi dezakezu orain.

PlayStation 5aren menuan bestelako berrikuntzak ikusiko ditugu, gainera. Pantaila partekatzeko eskaerak egin ditzakezu; ahots txatetan joka dezakezun jokorik badago, partidara sartzeko ikurra azalduko zaizu; joko bakoitzaren fitxan hori erosita duten lagunak agertuko zaizkizu, hauentzako hainbat aukera desberdinekin; bukatzeko, PS App-arekin irudiak nahiz bideoak partekatzeko erraztasunak inplementatu dituzte.

Horiek guztiak esanda, 7.0 adabakiaren ezaugarri berezienetakoa aipatu behar da: 1440p bereizmenarentzako VRR teknologia. Berrizte tasa aldakorrarekin teknologia hau ahalbidetzen duten jokoetan errendimendu leunagoa ikusiko dugu. Ezaugarriaz baliatzeko ezinbestekoa da HDMI 2.1 onartzen duen monitorea edukitzea.

Bestelako berrikuntzak ere gaineratu dituzte japoniarrek. Bideojokoak ordenatzeko eta iragazteko aukerak ditugu orain; PS4tik PS5era datuak migratzeko erraztasunak eskaini dituzte, eta gauza bera egin dute bi PS5en artean datuak lekualdatuz ezkero. Aginte berrienari lotutako hobekuntzak ere badatoz, gainera; izan ere, DualSense Edge modernoa haririk gabe egunera dezakegu orain gure PS5etik.

23.01-07.00.00 firmware-ak 1,11 GBeko tamaina dauka. Dagoeneko PS5ean deskarga eta instala daiteke.

 

Salmentak, gora

Hasiera gogorrak bizi ondoren, PlayStation 5aren salmentak aurrera egiten dabiltzala dirudi. Sonykoek azken finantza txostetean jakinarazi dutenez, aurreko hiruhileko fiskalean salmenten gorakada nabarmena ikusi dute: 7,1 milioi kontsola saldu zituzten 2022ko azken hiru hilabeteetan. Otsailean, berriz, salmentak % 300 areagotu ziren Erresuma Batuan.

Gorakadok ez dira harritzekoak: erdieroaleen krisiak gogor eragin zion PS5aren stockari. Hau zuzentzen joan ahala, geroz eta errazagoa da saltokietan aurkitzea; aurretik erostea zorte kontua baino ez zen. Hori horrela, jokalariek PS5aren grina dutela jakinda suposatzekoa da salmentak hobetzen joatea etorkizunean.