MachineGames-en eta Bethesda-ren abentura jokoa pasa den abenduan estreinatu zen Xbox Series eta PC gailuetan, balorazio bikainak eskuratuta.

Indy datorren hilabetean helduko da PlayStation 5era. Xboxek jakitera eman duenez, Indiana Jones and the Great Circle apirilaren 17an kaleratuko du Sony-ren egungo kontsolan.

Bagenekien udaberrirako ikusiko genuela PlayStationen, baina, joan den abenduan Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan merkaturatu zela jakinda, oraindik ere harritzekoa da Microsoft-en esklusibo handietako batek esklusibotasuna horren azkar alboratzea.

Iragarpena modu oso berezian egin dute: Indyri ahotsa jartzen dion Troy Baker aktore ezagunari Nolan North batu zaio. North ez dugu jokoan aurkituko… PlayStationeko arkeologo maitatuaren ahotsa baita: Nathan Drake-na, hain zuzen ere.

Indiana Jones and the Great Circle iazko argitalpenik handienetakoa izan zen. Iritzi apartak bilduta, azken Wolfenstein jokoen arduradunek abentura, isilpea, tiroak eta puzzleak elkartzen dituen obra ederra osatu dute, immersive sim kutsuarekin. Indyrekin mundu osoan zehar ariko gara, beti bezala, misterioak eta sekretuak argitzen. Lehen pertsonako ikuspegiarekin biziko dugu Great Circle; ekintza batzuk burutzerakoan, ordea, gure protagonista ikusiko dugu ikuspegi aldaketarekin.

Salmenta aldetik ere pozik geratu ziren Redmond-eko enpresakoak: urtarril bukaerarako, hau da, jokoa merkaturatu eta ia bi hilabetera, lau milioi jokalarien langa gainditu zuen tituluak. Game Pass bidez joka daitekeela nabarmendu beharra dago, hori bai, eta erabiltzaile guztiek ez dute jokoa erosi.

PlayStationeko jokalarien txanda dator laster; esan bezala, apirilaren 17an ikusiko dugu Indiana Jones and the Great Circle PS5ean.

 

Xbox-en joko gehiago PlayStationera

Erotzekoa bada ere, Indyrena ez da PlayStationekoek egunotan jasoko duten Microsoften esklusibo bakarra izango.

Lehenik eta behin, Age of Mythology: Retold estrategia jokoa martxo hasieran ikusi genuen PlayStation 5ean. Oraindik data zehatzik gabe, Age of Empires II: Definitive Edition ikaragarria ere iritsiko da laster: udaberrirako iragarri zuten Xboxekoek.

Bigarrenik, apirilaren 29an Forza Horizon 5 zoragarria iritsiko da PS5era. Playground Games estudioaren mundu irekiko lasterketen jokoa 2021ean kaleratu zen PCan zein Xboxen; hala ere, Horizon Realms deitutako eduki gehigarri berriarekin dator PlayStationera.

Bukatzeko, maiatzera arte itxaron beharko dugu urteko tiro jokorik latzenean jokatzeko. Izan ere, Doom: The Dark Ages maiatzaren 15ean argitaratuko du id Software estudioak: Xbox Series eta PC bertsioekin batera ikusiko dugu PlayStation 5ekoa.