Oraingoan ere bi bertsio desberdin edukiko ditu. Txikiagoa izango da, originalaren tamaina erraldoia alboratuz. Ez dute merkaturatze datarik zehaztu Euskal Herrirako.
PlayStation 5 kontsola zaharberritzeko garaia da. Sonytik 2020. urtean merkaturatu zuten PS5aren modelo berria iragarri dute: izen berezirik gabe, “slim” edo modelo mehea izango da.
PS5 originalarekin gertatu modura, bi bertsio desberdinetan kaleratuko dute hurrengo kontsola. Bata disko irakurgailuarekin, eta, bestea, gabe. Bertsio digitalak PlayStation Store bidez erositako jokoekin soilik funtzionatuko du; hala ere, kanpoko disko irakurgailua gehitzeko aukera dauka. Bi modeloak TB 1eko disko gogorrarekin iritsiko dira.
Horrela, tamaina txikiagoa duen gailua da modelo eraberritua. PlayStation Blog-ean zabaldutako artikuluan Sid Shuman Sony Interactive Entertainment-eko komunikazio zuzendariak hurrengo PS5aren tamaina % 30 txikiagotu dutela aipatzen du, modelo originalarekin alderatuta. Zaleek dagoeneko alderaketa irudiak prestatu dituzte desberdintasunak nabarmentzeko.
Gauza bera gertatzen da pisuarekin: % 18 (modelo arruntean) eta % 24 (modelo digitalean) murriztu dute aurreko modeloekin alderatuz gero. Modu horretara, kontsola originalari egindako kritika nagusienetakoak zuzentzera datoz PlayStationekoak; izan ere, handiegia eta pisutsuegia dela diote erosle askok.
Prezioei dagokienez, hemen duzue informazio guztia:
- PS5 + Ultra HD Blu-ray disko irakurgailua: 549,99€
- PS5 Edizio digitala: 449,99€
- PS5 Edizio digitalarentzako disko irakurgailua: 119,99€
- Kontsola bertikalki jartzeko euskarria: 29,99€
- Kontsola estalkiak (kolore desberdinetan): 54,99€
Momentuz ez dute merkaturatze datarik zehaztu Euskal Herrirako. AEBetan datorren hilabetean argitaratuko dute, baina nazioartean “egungo PS5en inbentarioa agortzen denean” saltzen hasiko direla diote. Auskalo noiz, beraz, baina datozen hilabeteetan izan beharko.
Iruzkinak