Betaurrekoak ikustea faltan, aginteek DualSensearen teknologia berbera erabiliko dutela adierazi dute japoniarrek.
PlayStation Moveko aginteak atzean utzi eta errealitate birtualean guztiz murgiltzeko prest daude Sonykoak. PlayStation 5erako prestatzen ari diren errealitate birtualeko gailuekin erabiliko diren aginteak erakutsi eta horien lehen xehetasunak eskaini dituzte japoniarrek.
Valve Index edo Oculus Quest gailuen aginteek hasitako ibilbidea jarraituko du orain PSVRk: Bi piezatan banatutako kolore beltzeko agintea eratu du PlayStationek, bakoitzean stick bat eta lau botoi jarrita: ezkerreko eskuko aginteak lauki eta hiruki botoiak, L1 botoia albo batean(kolpekaria izateari utzita) eta L2 kolpekaria ditu; eskuinekoak berriz, ixa, zirkulua, R1 eta R2 ditu, onartu eta ezeztatzeko botoiak esku berean mantenduta modu horretara.
Hideaki Nishino Sony Interactive Entertainmenteko zuzendariordeak PlayStation Blogean azaldu ditu agintearen ezaugarri guztiak. Nabarmendu duenez, “errealitate birtualeko esperientzietan sakonago murgiltzeko helburua lortzeko” prestatu dute agintea.
Horretarako PS5aren DualSense agintearentzako erabilitako teknologia berberak erabili dituzte Sonykoek. L2 eta R2 kolperariak moldagarriak izango dira, eta aginteek feedback haptikoa erabiliko dute bibrazio errealistagoak lortzeko. Ahaztu botoiak sakatzeari: atzamarrak gainean jarrita detektatuko dituzte aginteek. Horrela “eskuekin egindako keinu naturalagoekin jokatzea” ahalbidetu nahi dute.
Orain errealitate birtualeko aginteak ikustea falta da, baita sistema berri hau argitaratuko duten data jakitea: Sonyk dagoeneko aurreratu zuen ez dutela 2021erako prest edukiko.
Iruzkinak