Disko irakurgailurik gabeko modeloa prestatu dute. Txartel grafikoan hobekuntzak ekarriko ditu, baita izpien trazaduraren sisteman ere. PSSR eskalatze teknologia berriare

PlayStation 5 kontsolaren Pro modeloa iragarri du Sonyk. Azaroaren 7an kaleratuko dute 799,99 euroren truke.

PS5 berria berrikuntza txikiekin baina interesgarriekin dator. Disko irakurgailurik gabe merkaturatuko den —kanpoko irakurgailua erantsi ahal zaio, PS5 All Digital modeloarekin egin bezala, 119,99 eurogatik— gailuak “eguneratutako txartel grafikoa” dakar: Mark Cerny kontsolaren arkitektoak adierazi duenez, jokatzerakoan errenderizazio abiadura % 45 bizkortuko da horri esker.

Bigarren ezaugarri nagusia izpien trazadura (ray tracing) aurreratua da. Isla dinamikoak zein argiaren errefrakzioa areagotuko dute horrela, PS5 originalak bota ditzakeen izpien kopurua bikoiztuz, eta, kasu zehatzetan, hirukoiztuz. Adibide bezala, Gran Turismo 7n autoen arteko distirak hobetuta ikus daitezke.

Azkenik, aspalditik ezagutzen genuen PlayStation Spectral Super Resolution (PSSR) teknologia ofizialki aurkeztu dute. Eskalatze sistema hau Nvidiaren DLSS edo AMDren FSR aukeren antzekoa izango da: adimen artifizial bidez irudia hobetuko eta txukunduko dute, bideojokoak bereizmen baxuagoetan exekutatzen den bitartean azken irudia bereizmen gorenetan eskaintzeko.

Halako ezaugarriekin PS5 originalaren bi modalitate grafikoak alboratzeko asmoa agertu du Cernyk. Kalitate eta errendimendu modalitateen artean aukeratu beharrean, jokoak ahalik eta bereizmenik handienean zein segundoko irudi tasarik altuenean mugituko ditu PS5 Proak.

Game Boost ezaugarria aipatzen dute hori lortzeko: bateragarriak diren bideojokoetako errendimendua areagotuko du kontsola berrian: Alan Wake 2, Assassin’s Creed: Shadows, Demon’s Souls, Dragon’s Dogma 2, Final Fantasy 7 Rebirth, Gran Turismo 7, Hogwarts Legacy, Horizon Forbidden West, Marvel’s Spider-Man 2, Ratchet & Clank: Rift Apart, The Crew Motorfest, The First Descendant eta The Last of Us Part II Remastered aipatzen dituzte, baina “askoz gehiagok” jasoko dute aukera hau.

2 TBeko SSD disko gogorrarekin helduko da modelo berria. Esan bezala, ez dakar disko irakurgailurik, ezta bertikalki kokatzeko idulkia ere: hauek bereizirik erosi beharko dira.

Diseinuari dagokionez, orain egun batzuk aurkeztu zuten PlayStationen 30. urteurreneko logoan ikusi genuena da: PS5ari hiru lerro diagonal gehitzen dizkio, koloreak eta itxura orokorra askorik aldatu gabe.

Direct PlayStation webgune ofizialaren bidez abiatuko dituzte erreserbak irailaren 26an; urriaren 10ean, bestalde, hasiko dituzte gainerako saltokiek. Esan bezala, PlayStation 5 Pro modeloa azaroaren 7an estreinatuko da.

 

DualSense agintearen prezioa, gora

PS5 Proaren 800 euro horiek polemika eragin dute bideojokozaleen artean, noski, baina ez da PlayStationek egindako mugimendu bakarra izan. DualSense agintearen prezioa areagotzeko erabakia hartu dute: mando arruntaren 69,99 euroko prezioa 74,99 eurotara igo dute. Aldiz, modelo bereziena 74,99 eurotik 79,99 eurotara areagotu da.