PS4ko hamar joko izango dira sistema berrian funtzionatuko ez duten bakarrak. Garaikurren sistemak eta Remote Play ezaugarriak berritasunak jaso dituzte PS5ari begira.
Azaroaren 19an helduko da Playstation 5a saltoki europarretara. Astebete lehenago Japonian, Mexikon edota AEBetan ikusiko dute. Argitaratze data horren hurbil egonda zaleek PS4arekiko retrobateragarritasunaren inguruan dituzten zalantza guztiak argitzea erabaki du Sonyk.
Playstation blogeko artikulu baten bitartez eman dituzte erantzun horiek. PS4ko bideojokoen %99a PS5ean jokatu ahalko da: 4.000 obra inguru izango dira retrobateragarriak. Hideaki Nishino Sony Interactive Entertainmenteko azpizuzendariak azaldu duenez “belaunaldi definitu duten bideojoko guztietara jokatu daiteke PS5ean”.
Hori horrela, PS5ean jokatu gabe geratu diren lanen kopurua hamar bideojokoena da zehazki. DWVR, Afro Samurai 2 Revenge of Kuma Volume One, TT Isle of Man – Ride on the Edge 2, Just Deal With It!, Shadow Complex Remastered, Robinson: The Journey, We Sing, Hitman Go: Definitive Edition, Shadwen eta Joe’s Diner dira kanpoan geratutakoak.
Bi PS5 mota desberdin egonda, aurreko kontsolako jokoetara jokatzeko modu desberdinak egongo direla nabarmendu du Nishinok. PS5 normalak, irakurgailu optikoa duenak, PS4ko diskoak irakurri ahalko ditu. Horrez gain Playstation Storetik erositako joko digitaletara ere jokatu ahalko da bertan. PS5 Digital Editionean azken aukera hori bakarrik egongo da, ez baitu irakurgailurik. PSNetworkera sartzerakoan PS4ko jokoen bilduma azalduko da.
Azkarrago eta bereizmen hobeagoarekin
Retrobateragarriak izango diren joko batzuk mota desberdinetako hobekuntzak izango dituzte kontsola berrian. Karga denbora murriztuak nabarituko dituzte jokalariek; Game Boost ezaugarriarekin irudi tasa hobeak agindu ditu azpizuzendariak.
PS4ko jokoak ez ezik, horietan gordetako partidak ere igaro ahalko dira PS5era. Bi kontsolak WiFi edo Lan kable bidez konektatuta egingo da hori, baita USB memoria batekin ere. Azkenik, Playstation Plus zerbitzuko erabiltzaileek laino bidez gordetako partidak ere pasa ahalko dituzte.
DualShock 4 agintea ere aipatu du Nishinok. PS5ean erabilgarria izango da PS4ko jokoetara jolasteko; DualSense agintearekin ere jokatu ahalko da aurreko kontsolako lanetara. Hala ere, DS4aren hainbat botoi erabiltezinak egingo dira: Share eta Create botoiak ez dute funtzionatuko PS5ean. Belaunaldi berriko jokoetara aritzerakoan, baina, ezingo da DualShock 4a erabili.
Garaikur sistema berria
Belaunaldi berriak ekarriko dituen aldaketa guztiekin batera Sonyk bere kontsoletako garaikur edo lorpenen sistema berriztatzeko aprobetxatu du.
Garaikurrek emandako mailarekin etorri da aldaketa nabarmenena. Orain arteko sistemaren mailak 1etik hasita 100era iristen izan dira; sistema berriarekin 1etik 999ra arteko mailak ikusiko dituzte jokalariek.
Hori dela eta, orain arte eskuratutako garaikurren araberako aldaketak nabarituko dira: “zure maila 12koa bada, sistema berriarekin 200. maila ingurura jauzi egingo duzu”, diote Sonykoek.
Maila kopurua areagotuta, horien irudiak ere aldatu dituzte. Beheko mailetatik azkarrago igoko da, eta platinozko garaikurrek puntu gehiago eskainiko dituztela azaldu dute, are baliotsuagoak bilakatuta. PS3 eta PS4an lortzen joandako garaikur guztiak mantendu egingo direla agindu dute Sonykoek.
Remote Play eraberritua
Orain arte Playstation 4rako soilik zegoen PS4 Remote Play aplikazioa belaunaldi berrirako prestatzeko lanean jardun du Sonyk. Aplikazioaren izena PS Remote Playra aldatuta, Playstation 5arekin funtzionatzeko prest dago.
Datorren belaunaldi kontsola eskuratzeko azaroaren 19ra arte itxaron beharko da, noski, baina Remote Playko ezaugarri berriak abian daude jadanik, ResetEra webgunean jakitera eman dutenez. PS5arentzako euskarriarekin batera HDRa aktibatzeko aukera dago orain, eta aplikazioak kontrolen eskeman egindako aldaketak gogoratuko ditu.
Streamingaren kalitatea aldatu ahalko da PS5ean zein PS4an. 360p, 540p, 720p eta 1080p bereizmenak hautatu ahalko dira. Horrela norbere etxeko sarearen abiadura eta indarraren arabera aukerarik onenaren artean aukeratzea ahalbideratzen dute.
Aukera batzuk desagertu egin dira, baina. PS5eko jokoetan ezin izango da irudien tasa aldatu; ez dute zehaztu zer nolako tasa izango duen urrutiko jokoak, edo bideojokoaren araberakoa izango den. Windows 8.1erako euskarria desagertu egingo da: W10en erabiltzaileek soilik ahalko dute Remote Play erabili PCan.
Ordenagailuez gain Android eta iOS gailuek ere jaso dituzte aipatutako aldaketa guztiak. PS Vita eta PSTVren kasuan, baina, ez dute ezer zehaztu.
Iruzkinak