Sonyko exekutiboek kontsolaren osagaien eta erdieroaleen krisiak eragindako arazoak mahaigaineratu dituzte enpresako bilera batean.
Nazioarteko pandemiak era guztietako ondorioak ekarri ditu bideo-jokoen industriara. Iazko urtea salmenta aldetik oparotsua izan zen arren, belaunaldi berriko kontsolak fabrikatzeko arazoekin dabiltza enpresa handiak. Bloombergek jakitera eman duenez, Sonyren bilera pribatu batean 2022ra arte PlayStation 5en eskari kopurua betetzeko arazoak izango dituztela nabarmendu dute arduradunek.
“Eskaria ez da lasaituko urte honetan, eta hainbat kontsola segurtatu eta datorren urtean PS5aren ale kopuru esanguratsua fabrikatu arren, gure hornikuntza ez da gai izango eskariari erantzuteko“, adierazi du Hiroki Totoki finantza zuzendariak bileran Bloombergi bertan parte hartu duten exekutibo anonimoek adierazi diotenez.
Azken finantza txostenean iragarri zutenez, 7,8 milioi PS5 saltzea lortu dute japoniarrek joan den azaroan argitaratu zenetik apirilera bitartean; egungo zergaldian 14,8 milioi kontsola banatzea aurreikusten dute. Hori horrela, PS4aren lehen hilabeteetako salmentak gainditzea lortu dute, baina are jokalari gehiagok nahi dute azken PlayStation kontsola.
Hauei oso zaila gertatzen ari zaie kontsolak erostea, saltoki guztietan agortuta egoteaz gain ale berri gutxi batzuk merkaturatzean minutu batzuetan guztiak saltzen baitira.
Eskaintza mantentzeko arazoak kontsolaren osagaien krisiaren ondorio zuzena dira, batez ere erdieroaleena. Izan ere, osagai hauek eskuratzeko hainbat arazo izaten ari dira nazioarteko teknologia enpresa handiak, eta datozen hilabeteetan horrela jarraitzea aurreikusten da.
Gainerako enpresa handiak ere antzeko egoeran daude. Nintendok jakitera eman zuenez “osagaien ekoizpenak eta banaketak kalteak jasanez gero” Switch kontsolen ekoizpenean eragina izan dezake, orain arte 84 milioi kontsola saldu dituzten arren.
Iruzkinak