Mark Cerny kontsola berriaren arkitektua Playstationen eta bideojokoen etorkizunari buruz mintzatu da.

Microsoftek Xbox Series Xren zehaztapen teknikoak iragarri ostean, Sonyren txanda heldu da. Jatorriz bertan behera geratu den GDCan aurkeztu behar zuten bideo baten bidez Mark Cerny Playstation 5aren arkitektuak marka japoniarraren kontsola berriaren inguruko informazio guztia eman du.

The Road to PS5 izenpean Cerny kontsolaren zehaztapen teknikoei buruz aritu da, kontsola sortzera eraman dituzten erabakiak eta garatzaileekin batera egindako lana nabarmenduta.

Sistemaren arkitektuaren arabera gaur egun generazioan lan egin duten garatzaileak Playstation 5arekin “eroso sentitzea” izan da beraien helburuetako bat, “CPU, GPU eta memoria berrietara erraztasunez heltzeko”.

Zehaztapen teknikoei dagokienez, 3.5GHz-tara (frekuentzia aldakorrera) ariko diren zortzi nukleoko CPUa izango du PS5ak. GPUa, berriz, 2.23GHz-tara (frekuentzia aldakorrera) 10.28 TFLOPs-etara iritsiko den grafika izango da.

 

Zehaztapen teknikoak

Prozesadorea 3,5 GHz-etara (frekuentzia aldakorrera) ariko diren 8x nukleo Zen 2 CPU
Txartel grafikoa 10.28 TFLOPS, 2.23GHz-tara (frekuentzia aldakorrera) ariko den RDNA 2 GPUa
Memoria 16 GB GDDR6 256mb-eko memoria busarekin
Memoriaren banda zabalera 448GB/s
Barne memoria Neurrira egindako 825GB SSD
Transferentzia tasa 5.5GB/s (Raw), 8-9GB/s konprimituta
Kanpo memoria USB (HDDrako euskarriarekin)
Irakurgailu optikoa 4K UHD Blu-Ray Drive

 

825 GBeko memoria duen SSDaren bizkortasuna nabarmendu du Cernyk. 5.5 GB/s-ko transferentzia tasari esker jokoetako “denbora kargak ia guztiz ezabatu” egingo dituztela dio PS5aren arduradunak. Memoria hori handitzeko aukera izango dute erabiltzaileek kanpo memorien bitartez, baina ez dira barne memoriaren besteko azkarrak izango.

Soinua izan da Cernyk aipatutako beste arloetako bat. Playstation 4ean audioaren kalitateari jaramon askorik egin gabe: PSVRak 50 soinu iturri eusten dituela azalduta, PS5ak “kalitate hobean transmititutako ehundaka soinu iturri” eutsiko dituela azaldu du. Adibide bezala, PS4an “euria soinu sinple eta bakarra” dela aipatu du Cernyk. PS5arekin ur tanta bakoitzak bere soinua izatea bilatzen du Sonyk. Hori posible egiteko Tempest Engine izeneko soinu teknologia garatu dute.

Digital Foundryk Playstation 5aren zehaztapenei buruzko artikulu osatua argitaratu du Eurogamer webgunean. Datozen asteetan Sonyk kontsolari buruzko datu gehiago ematea espero da.