Kontsola berria “bost urtez diseinatzen eta eraikitzen” eman dute japoniarrek.
Aurkeztu zen unetik sekretismoa eta misterioa izan dira Playstation 5aren garapenaren gakoak Sonyren aldetik. Kontsola merkaturatzeko prest dago baina, eta horregatik “orain arte sortutako kontsolarik eraldatzailearena” izango denaren barnealdea erakusteko une aproposa da japoniarrentzat.
Playstation blogean argitaratutako artikuluaren eta bideo baten bitartez kontsolaren barruko xehetasun guztiak azaldu dituzte Masayasu Ito Sony Interactive Entertainmenteko hardware ingeniariak eta Yasuhiro Ootori hardware diseinatzaileak. Itok azaldu duenez Playstation 5a 2015ean hasi ziren kontzeptualizatzen.
Horrela, azken bost urteetan kontsola “disenatzen eta eraikitzen” eman dute Sonykoek. Belaunaldi berriko jostagarritasun esperientzia eskaini ahal izateko “errendimendu aldetik jauzia ematea ezinbestekoa” izan dela dio Itok. Hori lortzeko, baina, sistemaren alde guztiak orekatzeko lanean aritu dira: kontsolak egiten duen zarata gutxitu eta hozteko gaitasuna inoiz baino gehiago hobetzeko beharra azpimarratu du ingeniariak.
Bideoan PS5a desmuntatu eta kontsolak dituen pieza guztiak erakusten ditu Ootorik: CPUtik hasita haizagailuak, memoria edota bero-disipadorea aipatzen dira.
Azken urtean jasandako “aurrekaririk gabeko erronkak” nabarmendu ditu Sonykoak. Langileetako asko etxetik lanean aritu behar izan diren arren PS5arekin “esperientzia eraldatzailea” eskaintzea lortuko dutela dio japoniarrak.
Iruzkinak