3,8 milioi salmenta lortu dituzte azken hiruhilekoan, aurreikusitako emaitzak gainditzea lortuta.
Sony-k PlayStationen salmenten azken datuak eskaini ditu 2024 urte fiskaleko hirugarren hiruhilekoaren finantza txostenean. 65,6 milioi PlayStation 5 kontsola saldu dituzte gailua 2020 bukaeran merkaturatu zutenetik.
2024ko uztailetik irailera mugatzen bagara, 3,8 milioi kontsola dira saldutakoak. Pasa den zerga urteko epe berbera aztertuz gero, 1,1 milioi gailu gutxiago saldu dituzte; hala eta guztiz ere, aurreikusitako emaitzak gainditu dituztela nabarmendu dute enpresa japoniarrekoak.
Ez dituzte parekatu PS4arekin lortutako emaitzak, ordea: aurreko kontsolak 67,5 milioi salmenta lortu zituen antzeko epean. Dena den, PS5aren estreinaldi garaian txipen eskasiak eragindako arazoak kontuan hartzekoak dira alderaketa egiterakoan.
Software salmentek, bestalde, gora egin dute. 77,7 milioi bideojoko saldu dituzte uztailaren eta irailaren bitartean, iazko epe berean baino 10,1 milioi gehiago. PlayStation Studios etxeko argitaletxearen datuak ere eskaini dituzte: 5,3 milioi joko saldu ditu PSk. Saltoki digitalaren salmentek euskarri fisikoa menperatzen jarraitzen dute; izan ere, PS5eko zein PS4ko jokoen salmenten % 70 digitalak izan dira.
Azken hilabeteetako PlayStationen estreinaldirik handiena izan da, zalantzarik gabe, Astro Bot plataforma abentura ederra. Irail hasieran merkaturatu zutenetik 1,5 milioi joko saldu dituela aipatzen dute txostenean.
Online zerbitzuak dira, bukatzeko, aztertzeko azken esparrua. Erabiltzaile aktiboen kopuruak gora egin du 2023ko Q3arekin alderatuz (9 milioi erabiltzaile gehiago), baina, harpidetzen prezioen igoerari esker, irabaziak nabarmen areagotu dira baita: % 18 igo direla diote PlayStationekoek.
Hortaz, kontsolen salmentek behera egin badute ere, PS5aren fabrikazio kostuaren jaitsierak, harpidetzen irabaziek zein hirugarrenekoen jokoen areagotzeak, besteak beste, diru sarrerak orekatzeko balio dute japoniarrentzat.
Egunotan bideojokoen enpresa handien finantza txosten berriak ikusten gabiltza: joan den astean Nintendo Switch kontsolak 146 milioi salmenten langa gainditu duela ezagutu genuen.
PlayStation 5 Pro, indar betean
Aipatutako datuak PS5 originalari badagozkie ere, Hiroki Totoki Sonyren presidentea PS5 Pro modelo berriari buruz mintzatu da Nikkei agerkari japoniarrean.
Salmenten zifra zehatzak eman gabe, “PS4 Proaren epe berean PS5 Proak pixkat gehiago saldu duela” dio Totokik. Hori horrela, azken gailuaren prezio polemikoak —799 eurotan merkaturatu dute— ez duela inolako ondorio ezkorrik izan azpimarratu du arduradun nagusiak, “erabiltzaile sutsuenei” zuzenduta dagoela aldarrikatuz.
Iruzkinak