Zerbitzu erako bideojokoa prestatzen zebiltzan: bertan behera geratu da. Une honetan iragarri gabeko proiektu berria sortzen dabiltza.

Bend Studio taldearen langileen % 30 kaleratu du Sony-k. Bloomberg agerkariak aurreratutako albistea baiezkotzat eman dute PlayStationekoek.

Guztira 40 bat langile kanporatu dituztela aipatzen da. Kaleratzeen txanda berriaren zergatia Bend prestatzen ari zen zerbitzu erako bideojokoan datza: hau bertan behera geratuta —God of War-en GaaS tituluarekin batera—, lantaldea murriztea erabaki du enpresa japoniarrak.

Days Gone mundu irekiko abenturaren sortzaileek ez dute arrakasta handirik lortu PlayStationen gidaritzapean. Eidetic izenarekin abiatu ziren 1996an, euren titulurik nabarmenena Syphon Filter izanik; PlayStationek 2000. urtean bereganatu zuen taldea.

Oraingoz ez dago Bend ixteko asmorik, zorionez. Are gehiago, proiektu berria daukate esku artean: oraindik iragarri gabeko bideojokoa garatzen hasiak dira, baina Jason Schreier kazetariaren arabera, lehen pausoak baino ez dituzte eman.

Apirilean Days Gone Remastered edizioa kaleratu zuten PlayStation 5 kontsolan; berez, 2021ean PCan argitaratutako bertsioaren port-a dugu, hobekuntza gutxi batzuekin.