Bend Studio-ren lana litzateke bestea. Jason Schreier kazetariak aurreratu du informazioa.

Sony-k zerbitzu erako bideojokoen ibilbidea birplanteatzen jarraitzen du. Bloomberg agerkariak aditzera eman duenez, GaaS (Games as a Service) motako bi bideojoko atzera bota dituzte: horietako bat God of Warren unibertsoan girotuta zegoen.

Bluepoint Games beteranoa izan omen da GoW-ren bideojokoaren arduraduna. Demon’s Souls edo Shadow of the Colossus berregite ikaragarrien estudioa, alegia. Bestalde, Days Gone kaleratzeaz arduratu zen Bend Studio ere zerbitzu erako bideojokoan lan egiten ibili dela baieztatu dio PlayStationeko iturri batek Schreierri.

Zerbitzu erako tituluekin jokalariengatik behin eta berriro irabaziak lortzea bilatzen zuen PlayStationek. Alegia, etengabe edukiak jasotzen nahiz eraldatzen dabiltzan bideojokoak dira, mikroerosketak ardatz edukita.

Nahiz eta proiektuak bertan behera geratu diren, ez da kaleratzerik edo berregituraketarik egongo bi estudioetan, zorionez. “PlayStation Studios osatzen duen familiaren bi kide baliotsu eta trebe dira Bluepoint Games zein Bend Studio”, dio kazetariaren iturriak. “Beraiekin lanean jarraitzen dugu hurrengo proiektuak zeintzuk izango diren zehazteko”.

 

Mundu erakargarria enpresentzat, baina arrisku handikoa

PlayStation zerbitzu erako bideojokoen munduan buru-belarri barneratzeko asmoekin ibili da aspalditik. Concord-en kasuarekin, baina, kolpe gogorra jaso dute, merkaturatu eta bi astetara hainbat milioiko garapen kostuak eduki dituen jokoa itxita, eta Firewalk Studios taldea desagerrarazita. Horrekin batera itxi zuten, baita, GaaS jokoetan aditua zen Neon Koi enpresa.

Tartean, jakin badakigu antzeko beste hainbat proiektu dituztela, eta izan dituztela esku artean. Alboratutakoen artean Naughty Dog handiaren The Last of Us multijokalaria nabarmendu beharra dago; ez hori bakarrik, Marvel-ekin eta Insomniac Games-ekin Spider-Man superheroiaren unibertsoan girotutako lana prestatzen zebiltzala ezagutu genuen duela hilabete batzuetako filtrazio handian, baina hori ere bertan behera geratu omen da, hainbat iturriren arabera.

Aurrera jarraitzen dute, oraingoz, Bungie estudioaren Marathon zein Jade Raymond garatzailearen Haven Studios taldearen Fairgame$ zerbitzu erako bideojokoek.

Ibilbide honetan ageriko arrakasta lortu duen GaaS joko bakarra Helldivers II dela esan daiteke. Arrowhead Studios-ek iaz argitaratu zuen tiro jokoa PlayStation 5 nahiz PC plataformetan, eta, bidean hainbat arazo eduki badituzte ere, milaka jokalari erakarri eta mantendu ditu bere proposamenarekin.