Zerbitzu bideojokoetan adituak dira. 2021etik AAA multijokalari tituluan lanean dabiltza japoniarrentzat.

PlayStation Studios-en familiak hazten jarraitzen du: Sony-koek jakitera eman dutenez, Firewalk Studios da erosi duten azken garatzaile taldea. “Firewalk ikaragarrizko talentudun sortzaileen taldea da, bideojokoen esperientziarik nabarmenenak sortuz”, aldarrikatu du Hermen Hulst PS Studioseko buruak enpresaren blogean.

Hulstek aipatzen duena irakurrita, Firewalkekoek hainbat titulu kaleratu dituztela pentsa daiteke; ez da horrela, ordea. 2018. urtean sortutako taldeak ez du lanik prestatu oraindik. Hori bai, 2021etik PlayStationekin elkarlanean ari da: Probably Monster estudioarekin batera AAA multijokalari obra garatzen dabiltza.

Titulua IP erabat berria izango litzateke; hau da, ez legoke aurreko PlayStation frankizietan oinarrituta. Iragarpena egiterakoan erabilitako hitzak oso orokorrak izan ziren; egia esan, oraingo bereganatzean irakurritakoak ere antzekoak izan dira. Hori dela eta, oraindik itxaron egin beharko dugu Firewalkekoak sortzen dabiltzan bideojokoa zer nolakoa izango den ikusteko.

Ideia txikia egiten joateko moduko informazioa daukagu, hori bai: zerbitzu bideojokoetan adituak dira PS Studioseko talde berrikoak: “Zirraratuta gabiltza Firewalkekin bere sormen esperientzia zein laguntza teknikoa jasotzeko gure zerbitzu eskaintzak areagotzeko orduan nahiz jokalariei zerbait benetan berezia eskaintzeko”, dio Hulstek.

PS Studiosera gehitzen den hogeigarren taldea da Firewalk. Azken urteotan HousemarqueHaven StudioNixxes Software edo Bluepoint Games erosi dituzte japoniarrek, besteak beste.