2025erako kaleratuko dituzten bideojokoen kopuruaren erdia plataforma horietarako izango da. Ordenagailurako argitaratutako jokoen salmentak zehaztu dituzte.

Jim Ryan Sony Interactive Entertainment-eko zuzendariak enpresaren barne batzar batean kaleratutako txostenean jakitera eman duenez, datozen urteetan kontsoletatik are gehiago zabalduko dira PlayStationekoak. Izan ere, PCko eta gailu mugikorretako merkatuetan hedatzeko asmoa azaldu du SIEko buruak.

“PlayStation Studios-ek narratiba aberatseko eta grafikoki ederrak diren jokalari bakarrarentzako jokoak eskaintzeko helburua bikain bete du historikoki, baina egia da gure buruak bideojokoen merkatuko atal txiki batera mugatu ditugula”, adierazi du Ryanek. “PCra eta gailu mugikorretara hedatuta, baita… zerbitzu bizietara ere, jokoen softwarearen merkatuko atal txiki batean izatetik ia edonon egotera igaro gaitezke”.

Modu horretara, 2025era begira PlayStation Studiosetik merkaturatuko dituzten bideojokoen erdia PCrako zein gailu mugikorretarako izango direla aldarrikatu dute bileran. Aldi berean, PlayStation 4-ko tituluak alboratzen joango direla dirudi: urte horretarako, belaunaldi arteko jokoak desagerrarazi eta PlayStation 5-erako obrak soilik garatuko dituzte.

Orain arte PCra iritsitako PlayStationeko lanen salmenta datuak ere eskaini dituzte Sonykoek. Ordenagailuetan 2020an kaleratutako Horizon Zero Dawn-en, esate baterako, 2,39 milioi ale saldu ditu Steam eta Epic Games Store saltokietan; etekinei dagokienez, 60 milioi dolarretakoak izan dira. 2021eko Days Gone-k, aldiz, 852.000 ale saltzea lortu du; horiekin 22.7 milioi dolarretako onurak eskuratu dituzte. Azkenik, aurten argitaratutako God of War bikaina 971.000 lagunek erosi dute PCan; 26.2 milioi dolarretako irabaziak eskaini dizkie Kratos-ek.

Kontsoletako zifren aldean nahiko urriak diruditen arren, argi dago Sonykoak pozik geratu direla PCko port-ekin hasitako ibilbidearekin. Are gehiago, aurten joko hauekin lortuko dituzten irabaziak nabarmen areagotuko direla aurreikusten dute: 2021ean 80 milioi dolarretako etekinak lortu zituzten, baina 2022an 300 milioi dolarretakoak izatea espero dute enpresa japoniarrekoek.

Laster jasoko dugu hurrengo jokoa; egia esan, hilabete eskas falta da PlayStation Studiosen hurrengo joko handia ordenagailuetara heltzeko: Naughty Dog-eko maisuek sortutako Uncharted: Legacy of Thieves Collection ekainaren 20an estreinatuko da.

Mugikorren kasuan, PlayStationen frankizia ezagunak horietara eramateko lanean dabiltza. Ikusteko dago hartuko duten bidea zein izango den; joko zaharrak Android-era eta iOS-era eramateko aukera daukate, baita, Nintendo-k egin bezala, plataforma hauetarako obra propioak sortzekoa ere. Hala ere, zaleei adi egoteko eskatu diete.

Zerbitzu bizien formatuko bideojokoen harira, Ryanek datozen urteetan hamabi merkaturatuko dituztela adierazi du. Hauek “negozioa transformatzeko balioko dutela” aipatu du buruak, beraz argi dago estilo honetako tituluetan fede handia daukatela.

Horri lotuta, frankizia berriak sortzeko apustuaren alde egiten dabiltzala ere nabarmendu dute. Adibidez, PlayStation Studiosek % 34 inbestituko du 2022an saga berrietan; 2025erako, aldiz, dagoeneko existitzen diren IP-ak zein berriak sortzeko inbertsioak parekoak izango direla diote japoniarrek. Hortaz, PlayStationek propio garatutako titulu guztiz berri eta fresko gehiago ikusiko ditugu datozen urteotan.

Bukatzeko, telesailen eta filmen munduan jarraituko dute PlayStationeko pertsonaiek. Naughty Dogen The Last of Us arrakastatsuaren ekoizpena iragarrita zegoen, baina horri Horizon Zero Dawn, God of War eta Gran Turismo frankizietakoak gehituko zaizkio. Netflix-ekin zein Amazon-ekin elkarlanak adostu dituzte horretarako.