Epic Games Store-ak argitaratze data aurreratu du; PlayStation-ek oraindik ez baitu eguna zehaztu.

Iazko udatik daramate zain ordenagailuetako erabiltzaileek Uncharted: Legacy of Thieves Collectionera jokatzeko; azkenik dakigu noiz kaleratuko den Nathan Drake esploratzailearen azken abentura PCan. Epic Gamesekoek aurreratu dutenez, ekainaren 20an estreinatuko da.

Aurreratu egin dutela diogunean, ia-ia filtratu egin dutela esan nahi dugu; izan ere, PlayStationekoak ez dira mintzatu argitaratze dataren inguruanEpicekoek beren blogean argitaratu dute, beraz egiazko informazioa dela suposa dezakegu.

Are gehiago, orain aste batzuk SteamDB webgunearen datu basean ekaina aipatzen zen jokoaren argitarate datatzat. Dena den, Epiceko webgunean ekainaren 20a aipatzen bada ere, Steamekoak ere ez dira mintzatu datari buruz: oraindik 2022 baino ez da agertzen jokoaren fitxan.

Legacy of Thieves Collectionek Uncharted 4: A Thief’s End zein honen Uncharted: The Lost Legacy deitutako espantsioa batuko ditu. Hori horrela, Draken azken abenturaz gozatzeko nahiz Chloe Frazer-ekin jokatzeko aukera izango dute PCko jokalariek.

Oraindik asko dago zehazteko ordenagailuetako bertsioaren inguruan, baina orain hilabete batzuk PlayStation 5 kontsolan estreinatutako bertsioaren antzeko ezaugarriak edukiko dituela pentsa daiteke. Hortaz, 4K bereizmena, segundoko irudien tasa altuak eta beste hainbat hobekuntza tekniko espero ditzakegu jatorrizko PlayStation 4ko jokoarekin alderatuta.

PlayStationekoek PCra eramandako titulu propioetatik hurrengoa izango da Uncharted: dagoeneko God of War, Horizon Zero Dawn, Days Gone eta Death Stranding kaleratu ditu ordenagailuan. Etorkizunean are gehiago iristea espero da, orain arte emaitza arrakastatsuak lortu baitituzte PCan.

Uncharted: Legacy of Thieves Collection PCra ekainaren 20an iritsiko da hortaz. Momentuz, baina, PlayStationen aldetik ofizialki iragartzeari itxaron beharko diogu.