Sony Interactive Entertainment-eko arduradunek PlayStation markaren gailuen eta jokoen datuak eskaini dituzte.

Sonykoek PlayStation Plus zerbitzuaren datu ofizialak eskaini dituzte Sony Business Segment Meeting 2023 aurkezpenean. Jim Ryan Sony Interactive Entertainment-eko buruak adierazi duenez, harpidetza zerbitzuak 47 milioi erabiltzaile ditu gaur egun.

Ezustekoa, baina, harpidetza mota desberdinen erabiltzaile kopuru aldetik dator; izan ere, zifra horretatik 14,1 milioi dira zerbitzurik garestienak erabiltzen dituztenak. 8 milioi jokalarik Premium izeneko harpidetza maila gorena erabiltzen dute; guztizkoaren % 17, hortaz. Online jokatzeko aukera eskaintzeaz gain, partidak hodeian gordetzea zein bideojoko klasikoen katalogo zabala dira zerbitzuaren ardatzak

Ia atzean dauka bigarren harpidetza maila garestiena: Extra deitutako kategoriak 6,7 milioi jokalari biltzen ditu, harpidedun guztien % 13. Zifra harrigarriak, zerbitzuon prezioak ikusita: Premium mailaren urtebeteko harpidetzak 120 euroko balio du, eta Extragatik 100 euro ordaindu behar dituzte jokalariek.

 

Hasiera apala PS VR2-rentzat

Ryanek aurkeztutako beste datuen artean PS VR2 errealitate birtualeko gailuen lehen salmenta datuak ditugu: 600.000 betaurreko saldu dituzte otsailean merkaturatu zutenetik.

PlayStationekoak pozik agertu dira datuokin: PlayStation 4-aren PS VR originalek epe berean saldu zutena baino % 8 gehiago banatzea lortu dute. Hala ere, salmenta apalak dira horrenbeste iragarritako gailuarentzat.

Hardwareari lotuta, fabrikazio arazoak konpondu dira PlayStationentzat: printzipioz ez da PS5 zein PS VR2 faltarik egongo saltokietan.

Bestalde, zerbitzu jokoetan sakontzen jarraitzeko asmoa agertu dute Sonykoek. Etengabeko eguneraketak jasotzen dituzten online jokoetan etorkizuna dagoela diote, eta etorkizunean era honetako titulu gehiago kaleratuko dituzte.

Hori bai: iazko aurkezpenean une honetarako bi zerbitzu bideojoko edukiko zituztela aldarrikatu zuten. Momentuz ez dugu halakorik ikusi, beraz geroratzeren bat edo beste eman dela suposatu beharra dago.

Jokalari bakarrarentzako bideojokoei eskainitako babesa orain arteko berbera izango da, Ryanek azpimarratu duenez. Ez da harritzekoa, PlayStationekoen ardatzetako bat Spider-Man, God of War edo The Last of Us bezalako obrak baitira.

Urtero gutxienez bi estreinaldi handi egiteko asmoa iragarri dute: jokalari bakarrarentzako tituluak zein zerbitzu jokoak nabarmentzen dituzte argitalpenon artean.

 

PC-ari begira

Nola ez, ordenagailurako bideojokoak izan dira txostenean aipatutako beste gaietako bat. Ikaragarrizko salmentak eduki dituzte PlayStation Studios-en PCrako bertsioekin. Adibidez, Marvel’s Spider-Man Remastered-ek 1,5 milioi ale saldu ditu ordenagailuan. Martxoan kaleratutako The Last of Us Part I traketsa, berriz, 368.000 jokalarik erosi dute.

Emaitzak onak ikusita, PCko estreinaldiak indartzen jarraitu gura dute. 2025ari begira PlayStation Studiosekoen argitalpenen % 40 ordenagailuetarako izatea aurreikusten dute Sonykoek.

Momentuz, ordea, ez dago beste bideojokorik iragarrita: martxoan estreinatutako TLOU Part I izan da azkena. Hori ziurrenik gaur bertan aldatuko da; izan ere, PlayStation Showcase zuzenekoa eskainiko dute.

Bertan PlayStation Studiosen, kanpoko garatzaileen zein indie sortzaileen bideojokoak elkartuko dituzte ordubeteko iraupena izango duen aurkezpenean. 22:00etatik aurrera jarraitu ahalko da.