PlayStation Plus harpidetzako hainbat bideojokorekin erabiltzeko aukera edukitzeaz gain, jokalarien liburutegi titulu zehatzekin ere funtzionatzen du.
Sony-k PlayStation Portalaren ezaugarri berria ahalbidetu du jokalari guztientzat. Hodeitik jokatzeko aukera dute orain, eskuko gailua PlayStation 5ari lotuta edukitzea alboratuta.
Duela urtebete beta probaldiarekin hasi ziren ezaugarria erabiltzaileei helarazten. PS Portalaren mugak haustera dator funtzionalitate berria; izan ere, orain arte gailua PlayStation 5 kontsolara lotu behar genuen, bai ala bai, kontsolatik exekutatutako bideojokoak haririk gabeko pantaila bidez Portalean jokatzeko.
Esan bezala, argitaratu berri den eguneratzearekin hodeitik mugituko dira bideojokoak, PS5a erabili gabe. Portalak ezin ditu jokoak natiboki exekutatu, baina, behintzat, eman diezaiokegun erabilera nabarmen zabaldu da orain.
Ordaindu beharra dago, hori bai: PlayStation Plus Premium harpidetza ezinbestekoa da hodei bidezko jokoa erabiltzeko; hau da, zerbitzurik garestiena. Ehundaka bideojoko erabiltzeko aukera aipatzen dute Sonytik —Cyberpunk 2077, God of War Ragnarök, Hogwarts Legacy, Sword of the Sea edo The Last of Us Parte II Remastered nabarmentzen dituzte—: zerrenda osoa hemen aurki daiteke.
Gaurkotzeak, gainera, orain arte ikusi gabeko aukera gehitu du. PS Pluseko jokoak ez ezik, gure liburutegian dauden titulu zehatzetan jokatu ahalko ditugu orain —harpidetzak nahitaezkoa izaten jarraitzen du—. Adibidez, estreinatu berri den Ghost of Yōtei erosita badaukagu, lainotik exekuta dezakegu, PS Pluseko jokoen zerrendan agertzen ez den arren.
Aldi berean, Portalaren interfazean aldaketak eta eraberritzeak dakartza eguneraketak. Hasiera pantaila berriak —PS5etik zein hodeitik jokatzea desberdintzeko— edo bilatzaileak nabarmentzen dituzte arduradunek, 3D audioaren euskarriarekin, pasahitz bidezko blokeatzearekin eta bestelako ezaugarriekin batera.
Lander Unzueta
Iruzkinak