“Nazioarteko goi mailako estudioen bideojoko zein frankizia berriak” egongo direla nabarmendu dute Sony-koek
PlayStation Showcase ekimen berria iragarri, eta honen data zehaztu dute Sonyko japoniarrek. Maiatzaren 24an PlayStation 5 kontsolako etorkizuneko bideojokoak aurkezteko zuzenekoa eskainiko dute.
22:00etan hasiko dute aurkezpena; ordubetetik gora iraungo duela aurreratu dute arduradunek. Ohi bezala, PlayStationen YouTube nahiz Twitch kateetatik jarraitu ahalko dugu.
“Datorrena ikusteko unea da”, diote blog ofizialean zabaldutako prentsa oharrean. PlayStation 5eko, eta, horren barne, PS VR2 errealitate birtualeko gailuko bideojokoak erakutsiko dituzte. “Nazioarteko goi mailako estudioen lanak” aipatzen dituzte: hau ez da State of Play hutsa, PlayStationekoen aurkezpen nagusia baizik.
Parte hartuko duten taldeen artean, nola ez, PlayStation Studios-eko barne garatzaileak egongo dira: horien “sorkuntza berriak” ezagutaraziko dituzte. Kanpo estudioak egongo dira gainera, baita sortzaile independenteak ere.
Zurrumurruek aurreratu zuten PlayStation Showcasea. Ekain alderako espero bagenuen ere —sasi E3 hori osatzen joateko—, Sonykoak aurreratu egin dira azkenik.
Esan bezala, maiatzaren 24an ikusiko dugu aurkezpena, 22:00etatik aurrera.
Iruzkinak