Bideojokoen garatzaileentzat eta argitaletxeentzat “bidegabeko baldintzak” ezartzen dituztela diote erabiltzaileek. Salmenta guztien kuotaren % 30 bereganatzen dute.
Erresuma Batuko Konpetentzia Apelazioen Auzitegiak (CPO) PlayStationen bederatzi milioi erabiltzaileren salaketa bateratuari onespena eman dio. PS Store saltoki digitaleko baldintzak salatu dituzte Alex Neill kontsumitzaileen eskubideen adituak Sonyren aurka aurkeztutako helegitean.
Salaketa iazko abuztuan jarri zuten, eta CPO erakundeak atzo eman zion baietza. Sonyri merkatuan daukan egoeraz aprobetxatzea egozten diote bideojokoen garatzaileentzat eta argitaletxeentzat “bidegabeko baldintzak” ezartzeko.
Zeintzuk dira baldintzok? Bideojokoen arduradunek ordaindu beharreko kuotak dira ardatza. PS Storean kaleratutako titulu, DLC, harpidetza zein eduki ororen % 30 jasotzen du Sonyk. Hori dela-eta, produktuen prezioak gora egiten duela aldarrikatzen dute salaketarekin, erabiltzaileei zuzenean eraginez.
Hedatutako egoera industrian
Gai interesgarria da, Sony ez baita halako kuotak ezartzen dituen enpresa bakarra. Are gehiago, gainerako aurkari nagusi guztiek baldintza berdintsuak dituzte euren saltokietan argitaratzerako orduan: Nintendo eShop, Xbox Store, Steam, App Store edo GoG saltokiek irabazien % 30 eskatzen diete argitaletxeei.
Apple-n kasuan, esaterako, kuota hori irabazien arabera aldatzen da: urtean milioi bat dolarretako onurak gainditzen ez dituzten garatzaileen ordaindu beharreko kuota % 15 murrizten da.
Aurkari “nagusien” artean baldintza desberdinak ezartzen dituen bakarra Epic Games litzateke. Tim Sweeney-ren enpresakoek Epic Games Store-a abiatzerakoan euren kuotak nabarmentzen zituzten; izan ere, argitaletxeei eskatutakoa % 12 baino ez da. Indie sortzaileei bideratutako itch.io gune ezagunak, bestalde, % 10 eskatzen die egileei.
Salaketara itzuliz, bederatzi milioi erabiltzaileei egindako kalteak 6.300 milioi libratakoak (7.228 euro) direla kalkulatzen du Neillek. Epaia galduz gero, Sonyk 5.000 milioi libra (5.725 euro) ordaindu beharko lioke kontsumitzaile taldeari: erabiltzaile bakoitzak 67 eta 562 libra artean jasoko luke.
Aldaketen garaia?
Sonyk egindakoa “legez kanpokoa” dela aipatzen du Neillek, eta emandakoa lehen pausoa dela aurreratzen du.
Ez da bideojokoen industrian halako kexak eta salaketak ikusten ditugun lehen aldia, baina orain arte zaila zen enpresa handi batentzat halako isuna irudikatzea: Microsoft-ek Bethesda-gatik ordaindutakoa baino gehiago dela kontuan hartu behar da.
Edozein modutara ere, salaketaren onarpenak antzeko helegite gehiago ikusteko bidea ireki du, eta ez bakarrik Sonyrentzat.
Iruzkinak