Bideo-joko propioen aldeko apustua egin du Sonyk. Udarako saltokietan belaunaldi berriko kontsola gehiago egoteko lanean ari dira.
PlayStation 5ak Sonyren estudio propioek garatutako bideo-joko sorta erraldoia jasoko duela dirudi. Hermen Hulst PlayStation Studioseko buruak Wireden aldarrikatu duenez, marka osatzen duten garatzaile desberdinak 25 bat proiektu dituzte esku artean PlayStation 5erako.
Herrialde desberdinetako taldeak fitxatu dituztela nabarmendu du Hulstek, eta horiek askotariko genero eta tamainako bideo-jokoak prestatzen ari direla dio. Hori horrela, kontsola berriaren erabiltzaileek PlayStationek propio ekoiztutako aniztasun handiko katalogoa ikusiko dutela dirudi.
Iragarri gabeko proiektuen artean frankizia ezagunen jarraipenak daude, baina halere aipatutako kopurutik erdia IP berriak izango direla dio Hulstek.
Saga ezagunen artean daude, noski, dagoeneko iragarritako Horizon Forbidden West eta Gran Turismo berriak. Guerrila Gamesen jokoaren jarraipena 2021ean kaleratuko zutela adierazi zuten PS5aren aurkezpenean, eta hori mantenduko dutela agindu du PS Studioseko arduradun nagusiak.
Aurreko egunean Sonyk PlayStation 5aren eskari kopurua mantentzeko arazoak izango dituela bildu zuen Bloombergek. Jim Ryan PlayStationeko presidentea horren inguruan mintzatu da bideo-jokozaleak lasaitu nahian: “gogor ari gara lanean egoera arintzeko”.
Udara begira PS5 gehiago merkaturatuko dituztela adierazi du Ryanek. “Udan ekoizpena bizkortzea aurreikusten dugu, baita urtearen bigarren seihilabeterako ere, eta hortaz horniketaren eta eskariaren arteko oreka mantendu ahal izatea espero dugu, normaltasunera itzulita”.
Iruzkinak