Bideojoko bat garatzeko laguntzak eskaintzen dituzte ekimenaren baitan. Izen ematea abenduaren 31ra arte irekita egongo da.
Sonyk sortutako PlayStation Talents Games Camp ekimena beste urte batez egingo da. Garatzaile eta estudio txikiei zuzendutako ekintza honek PlayStation 4rako bideojoko bat garatu eta argitaratzeko laguntzak eskaintzen ditu.
Joko hori PlayStation Store bidez argitaratuko dute ekimeneko parte hartzaileek. Hori ahalbideratzeko Sonyk PlayStation 4ko garapen kitak eta HPren garapenerako zuzendutako workstationak emango dizkiete; garatzaileek hamar hilabetez Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako, Malagako, Las Palmaseko edota Bilboko egoitzetan lan egingo dute.
Horrez gain 100.000 eurotan balioetsitako promozio eta marketing kanpaina eratuko dute PlayStationekoek bideojoko bakoitzerako. Parte hartzaileek finantza eta enpresen sorkuntzarako, ekoizpenerako, marketingerako eta argitalpenerako aholkularitza jasoko dute adituen eskutik.
Zehazki, unibertsitateko ikasleek, garatzaile gazteek, estudio txikiek edota azken urtean 100.000 euro baino gutxiago fakturatu duten enpresek parte hartu ahalko dute ekimenean. Izena ematen duen parte hartzaile bakoitzak hiru profil desberdinez osatutako taldea eratu behar du: bideojoko diseinatzaile, artista eta programatzaile bana eduki beharko dute gutxienez.
Deialdian aurkeztu beharrekoak
Deialdira aurkeztu nahi dutenek abenduaren 31ra arte edukiko dute zabalik izena emateko epea. Datu guztiak izen ematea gauzatzeko ahalbideratu duten orrian eman beharko dituzte. Horrez gain honako dokumentu hauek atxiki beharko dituzte:
- Bideojokoa aurkezteko bideoa (bost minutuko iraupena gehienez)
- Kontzeptuaren diseinua azaltzen duen PDFa (orrialdeen muga gabe)
- Taldea osatzen duten kide guztien CVa
- Prentsa oharra (produktuaren aurkezpena, estudioaren logoa, bideojokoaren logoa, irudiak, etab.)
Irabazleak urtarrilean erabakiko dituzte Sonyko kideek, eta hautatuen zerrenda otsailean argitaratuko dute. Hautatutako taldeak otsailean hasiko dira Games Campetan lanean, hamar hilabetez. Garatutako jokoa estudioaren eskuetan egongo dela nabarmendu du Sonyk; PlayStationek argitalpen, banaketa eta promozio lanetan lagunduko du soilik.
Hasiera batean irabazleen bideojokoak PlayStation 4rako argitaratuko badira ere, epe bat igarota beste plataforma batzuetan kaleratzeko eskubidea edukiko dute. Zehazki, PCrako argitaratzeko hiru hilabete itxaron beharko dute, eta urtebete gainerako kontsoletarako.
PlayStation Talents Games Campen deialdiaren inguruko informazio guztia PlayStationek ekimenerako prestatu duen webgunean aurkitu daiteke.
Iruzkinak