2019ko ekimenean parte hartu zuen azken aldiz. Irailaren 26tik 29ra egingo da.

Tokyo Game Show azokaren antolakuntzak prentsa oharraren bidez jakitera eman duenez, Sony Interactive Entertainment enpresa ekitaldi nagusira itzuliko da 2024an. Hau da, PlayStationek berezko gunea edukiko du Chiba hiriko Makuhari Messe aretoan, hainbat urtez aurrez aurre parte hartzeari uko egin ondoren.

2019. urtea izan zen, zehazki, PlayStation TGSan modu aktiboan parte hartu zuen azken aldia; pandemia aurretik, alegia.

Hori horrela, azken egunotan entzun diren zurrumurruek are indar gehiago hartu dute: diotenez, maiatzeko State of Play aurkezpenari jarraipena emateko emanaldi handia prestatzen dabiltza udazken hasieran.

Oraindik baieztatu gabeko aurkezpenean erakutsiko lituzketen bideojokoak eta produktuak TGS azokan eskaintzeko asmoa legokeela diote iturriek. Produktuak diot, PlayStation 5 kontsolaren modelo berria aipatzen baitute insider desberdinek: PS5 Pro indartsuagoa. 2024 bukaeran merkaturatzeko helburua edukiko lukete.

 

3.190 erakusmahai

Pandemia ostean indarra berreskuratzeko denbora behar izan badute ere, TGS azoka osasuntsu dabil. 2023an aurreko edizioetan baino stand gehiago eskaini ondoren, aurten 731 erakusketarik jarritako 3.190 erakusmahai ezarriko dituztela jakitera eman dute; aldi berean, azokaren eremua ere handituko dute, ekintza berrantolatuz.

Enpresa eta estudio japoniarrak izango dira nagusi, noski: 448 erakusketari etxekoak dira. Square EnixKonami, SegaBandai NamcoCapcom SNK eta askoz gehiago igaroko dira bertatik euren bideojokoak erakusteko asmoarekin. Nintendo ere bertatik egongo da, baina, ez ordea, erakusmahaiarekin.

Tokyo Game Show 2024 azoka irailaren 26tik 29ra bitartean ospatuko da. Aurrez aurre egingo den azokaz gain, saretik jarraitzeko ekimenak antolatuko dituzte.