600 euroko preziora salduko da PS5-aren errealitate birtualeko gailua. VRko 11 bideojoko aurkeztu dituzte.
Sonykoek PlayStation VR2 errealitate birtualeko gailuen merkaturatze data iragarri du: otsailaren 22an merkaturatuko ditu.
Prezioa ere baieztatu du azkenik, bideojokozaleei kolpe gogorra emanez: 600 eurotara salduko dira PlayStation 5ari zuzendutako betaurrekoak eta PS VR2 Sense deitutako aginte bereziak.
Horrez gain, jasoko duen jokorik esanguratsuenarekin batera eratutako edizio berezia aurkeztu dute japoniarrek: Horizon: Call of the Mountain VR tituluarekin batera erosiz gero, 650 euro ordaindu beharko dira. Bi edizioen erreserbak azaroaren 15ean abiatuko dituztela agindu du Sonyk.
2000×2040-ko bereizmeneko OLED pantailak eskainiko ditu PS VR2ak. 90 eta 120Hz-ko irudi tasak, 110 graduko ikus eremua, HDR-arentzako euskarria, begien jarraipena eta askoz gehiago agindu dituzte PlayStationekoek, gainera. PS5era konektatzeko USB-C motako kable bakarra beharko du gailuak.
Are gehiago: kanpoko kamerarik gabe erabili ahalko dira VR2ak. Jokalariaren mugimenduak jarraitzeko kaskoen barruan dauden kamerak erabiliko dituzte garatzaileek. Begien jarraipena edukiko dute baita ere. Horri esker, begiradarekin bakarrik aginteak eman ahalko dituzte jokalariek.
Horizonen bideojokoaz gain, beste zenbait bideojoko jasoko dituzte PS VR2ak argitaratu ostean. Batzuk ezagutzen genituen: horien artean daude Resident Evil Village ezagunaren VR bertsioa, The Walking Dead: Saints & Sinners – Chapter 2: Retribution zein Star Wars: Tales from the Galaxy’s Edge.
Aipatutakoekin batera beste 11 titulu aurkeztu ditu PlayStationek bere blogean. VR-ra moldatutako bideojoko zaharrekin batera beste hainbat lan interesgarri erakutsi dituzte japoniarrek. Hor doa iragarpenen zerrenda osoa:
- The Dark Pictures: Switchback VR
- Crossfire: Sierra Squad
- The Light Brigade
- Cities VR – Enhanced Edition
- Cosmonious High
- Hello Neighbor: Search and Rescue
- Jurassic World Aftermath Collection
- Pistol Whip VR
- Zenith: The Last City
- After The Fall
- Tentacular
Agerikoa denez, denetariko generoetako lanak prestatu nahi izan dituzte errealitate birtualaren belaunaldi berri honetarako. Ikusteko dago hori nahikoa izango ote den jokalariek prezio altua ordaintzeko prest egoteko.
Iruzkinak