Ordenagailuan kaleratutako errealitate birtualeko tituluetan jokatzeko balioko du. Kontsolan dituen zenbait ezaugarri edo funtzio alboratuko dituzte.
PlayStation VR2 errealitate birtualeko betaurrekoak PCan erabiltzeko egokigailu ofiziala aurkeztu du Sony-k. Kontsolan USB-C konexio bidez funtzionatzen duten gailuak ordenagailura konektatzeko tresna abuztuaren 7an argitaratuko da.
Zehaztapen ofizialak ere iragarri dituzte. GPU aldetik Nvidia GTX 1650 edo AMD RX 5500XT/6500XT eskatzen ditu, gutxienez; gomendatutako baldintzak, ordea, RTX 3060 nahiz AMD Radeon RX 6600XT dira. CPUari dagokionez, Intel Core i5-7600 / AMD Ryzen 3 3100 aipatzen dituzte, eta DisplayPort 1.4 kablea nahitaezkoa da —eta, gaur egun ohikoa den arren, zure PCak horren euskarria edukitzea—. 8 GB RAM eta Bluetooth 4.0 ere eskatuko ditu.
Hainbat muga edukiko ditu, tamalez, PS VR2ak ordenagailuan; alabaina, kontsolako ezaugarririk interesgarrienetako batzuek kale egingo dute. “Funtzio garrantzitsu batzuk ez dira PCan jokatzerakoan erabilgarri egongo: HDR ezaugarria, kaskoaren argindar elikatzea, begien jarraipena, kolpekari moldakorrak edo ezaugarri haptikoak, besteak beste”, adierazi du Sonyk.
4K bereizmenean jokatu ahalko dugu, hori bai (2000 x 2040 bereizmena begiko), 110 graduko ikusmen eremuarekin eta kanpoaldeko ikuspegiarekin batera, baita 3D audioarekin, ukimen detekzioarekin zein fobeatutako errenderizazioarekin —irudiaren erdialdea fokuratzen du, PCan begien jarraipenik gabe erabiliko dugu—. Hori horrela, ordenagailuan errealitate birtualean aritzeko egungo gailurik interesgarrienetakoa izaten jarraitzen du, Meta Quest 3arekin batera.
60 eurotan kaleratuko dute egokigailua —hortaz, PS VR2ekin batera 660 euro inguru balioko lituzke—, eta PCan dagoeneko estreinatu diren VR jokoetan aritzeko balioko du: “Steam-eko liburutegiko milaka VR titulutan jokatzeko erabil daiteke, hala nola Half-Life Alyx, Fallout 4 VR edo WarThunder”, diote PS Blog-ean.
Zoritxarrez, Sonykoek PS VR2ko bideojoko esklusiboak aipatu gabe utzi dituzte: Horizon Call of the Mountain, Resident Evil 4 edo Resident Evil Village, baita Gran Turismo 7 ere, esate baterako. PlayStation euren esklusiboen PCko portak erritmo bizian garatzen dabiltzala ikusita, agian hauetako batzuk iristeko aukera dago.
Esan bezala, abuztuaren 7tik aurrera erabili ahalko dira PS VR2 kaskoak ordenagailuan egokigailu ofizialarekin.
Iruzkinak