Pokémonak indexatzeko elkarlana hasi dugu: helburua pizti guztiak berrizendatzea da. Atal berezia sortu da euskal bideojokozaleen komunitatearen web orrialdean.
Pokémon sagan orain 20 urte edo atzo murgildu, ziur sakelako munstroen izen euskaldunak entzuteko gogoa eduki duzula. Hori da euskarazko Pokedex proiektuaren helburua: The Pokémon Company-ren izakien zerrenda osoa hartu, eta hauen izenak, motak, erasoak, gaitasunak eta deskribapenak euskaratzea.
Proiektua nere kabuz hasi nuen, hasiera batean nere sare sozialetatik lokalizatutakoak partekatuz; hori ikusita, Game Erauntsia Elkarteak elkarlana proposatu zidan, eta hor hasi ziren gaur kaleratutako proiektuaren lehen urratsak. Komunitatearen webgunean pokedexari eskaintzeko txokoa sortu, eta hasieran denborapasa hutsa zena beste maila batera eramatea lortu dugu azkenean.
Euskarazko izenak sortzerakoan deitura ingelesek jarraitzen duten logika berbera mantendu ditut. Pokedexeko lehen pokémona har dezakegu adibidetzat: Bulbasaur “bulb” eta “saur” hitzen batura da. Errabauro deitzea erabaki dut #001 pokémona: Erraboil + -sauro, alegia.
Halako egitura jarraitu dut gainerako piztien izenak euskaratzerakoan: Arrabisu, Urtoka, Tximagu eta Batartiko ezagutuko ditugu, besteak beste. Artikulua idazterako unean 251 pokémon izendatu ditut; hau da, lehen bi belaunaldi originaletako sakelako munstroek dituzte izen euskaldunak.
Esan bezala, proiektua ez da izenetara mugatzen. Pokedexearen atalean zenbaki ordena jarraitzen duen zerrenda aurkituko duzu. Pokémon bakoitzaren gainean sakatuz gero, jatorrizko izena azalduko zaizu, baita informazio gehigarria biltzen duen datu basera sartzeko aukera ere.
Bertan informazio orokorra agertzen da; ez hori bakarrik, pokémon bakoitzaren bitxikeriak eta bizimodua azaltzen dituen deskribapen laburra, eboluzioak, eta bestelako datuak irakur ditzakezu.
Pokedexa sortzerakoan PokeAPI izeneko zerbitzua erabili du Bingen Galartza informatikariak. APIan dauden irudiak eta elementuak hartu dira euskarazko proiektuari itxura emateko.
Errabaurotik Denaiara arteko izakiak izendatuta, ondorengo belaunaldietako munstroekin jarraitzea da hurrengo helburua!
Iruzkinak (1)
lowena 2023ko aza. 1a, 07:29
Euskarazko pokemon joko bat jolasteko aukera izatea espero dut egunen batean!