Home aplikazioarekin gure munstroak erabil ditzakegu. Gailu mugikorretarako bertsioak beranduago estreinatuko dituzte.
The Pokémon Company-k Pokémon Championsen kaleratze data zehaztu du. Apirilaren 7an kaleratuko da Switch eta Switch 2 gailuetan.
Xehetasun guztiak aditzera emateko bideo luzearekin batera egin dute iragarpena. Pokémon Stadium jokoak oinarritzat hartzen dituen doako titulua da Champions; hortaz, sakelako munstroen arteko borrokak baino ez ditugu ikusiko. Modalitate lasaiagoetara zein lehiakorragoetara bideratuta egongo da.
Bakarkako zein binakako partidak lehiatuko ditugu online. Sei pokémoneko taldea osatu beharko da horretarako: bi bide izango ditugu gure piztiak aukeratzeko. Alde batetik, Pokémon Home aplikazioarekin gainerako jokoetan harrapatu ditugun munstroak eraman ahalko ditugu Championsera; bestetik, ausazko eskaintza erabiltzeko aukera eskainiko dute arduradunek.
Hori, debaldeko bertsioan. Mikroerosketa mordoa batuko dituztela dirudi: Pokémonak eros daitezke, baita abestiak edo itxurak ere. Piztiak eskuratzeko garaipen puntuak (victory points) batuko ditugu partidak irabaziz gero, baina nahiko urriak izango direla pentsa daiteke.
Switch gailuetarako jokoa datorren hilabetean iritsiko bada ere, urtea bukatu aurretik Android zein iOS gailu mugikorretako bertsioak egongo direla baieztatu dute arduradunek.
Apirilaren 7an estreinatuko da Pokémon Champions Switch eta Switch 2 kontsoletan.
Lander Unzueta
Iruzkinak