eShop bidez erosi ahalko dira, digitalean. 2004. urtean Game Boy Advance eramangarrian argitaratutako lehen belaunaldiko Pokémon jokoen berregiteak dira.

The Pokémon Companyk Pokémon FireRed eta LeafGreen iragarri ditu Switch kontsoletarako. Otsailaren 27an estreinatuko dira.

Frankiziaren 30. urteurrena ospatzeko egindako iragarpenetako bat da: egun berean lehen Pokémon Red eta Green jokoek hiru hamarkada beteko dituzte, hain zuzen.

Ez dituzte Nintendo Switch Online harpidetzaren baitan gehituko; horren ordez, digitalean erosteko aukera egongo da eShop saltokiaren bitartez. 20 eurotan salduko dute bakoitza, eta, diotenez, eskualdekako bertsio zehatza salduko dute; hau da, hizkuntza desberdinetan jokatu nahi izanez gero, jokoa hainbat aldiz erosi beharko da.

Game Boy Advance kontsola eramangarrian estreinatu ziren FireRed eta LeafGreen 2004an. Lehen belaunaldiko jokoen berregiteak dira; alegia, Kanto eskualdean kokatzen diren Red, Green, Blue eta Yellow jokoenak. Red protagonistaren abentura txukundutako grafikoekin eta zenbait berrikuntzarekin ikusi genuen, sagako jokorik maitatuenetakoak izanik.

Hainbat berritasun gehitu zituen, gainera: Sevii irlak —animean Laranja irlak izenez ezagutu genituenak— bisitatzeko aukera zein Pokémon Home zerbitzuarekin batera erabiltzeko ezaugarriak dakartzate Switcheko bertsioek.

Otsailaren 27an iritsiko dira Pokémon FireRed eta LeafGreen Switch gailuetara.