GBA kontsolarako estreinatu bada ere, Game Boy originaleko Pokémon jokoen estetika dauka.
Pokémon Lazarus argitaratu du Nemo622 sortzaileak. Romhack proiektuaren 1.0 bertsioak esploratzeko eskualde berria, 350 pokémon baino gehiago eta mekanika zein desafio desberdinak proposatzen dizkie sakeleko munstroen zaleei.
Game Boy Advance kontsolarako —eta bere emulagailuelatarako, noski— kaleratu du Nemok eta proiektuaren atzean egon den lantaldeak; hala eta guztiz ere, Game Boy originalako Pokémon klasikoen estetika erabiltzen du. Pokémon Emerald Seaglass romhack ezaguna probatu dutenek ondo ezagutuko duten atal grafikoa, Lazarus sortzaile bereak egindakoa baita.
Ilos izeneko eskualdean ariko gara oraingoan: Grezian oinarritzen den lurraldea. Hiriak, basamortuak, irla tropikalak eta gehiago bisitatuko ditugu. Noski, abentura ez da toki berrietara mugatzen: istorio guztiz berria biziko dute jokalariek, orain arte ikusiko gabeko protagonistekin, arerioekin eta erronkekin.

Aipatu modura, 350 pokémon aurkituko ditugu Lazarusen. Hasierako piztiei dagokienez, bederatzi eskainiko ditu romhackak: Alola eskualdeko Rowlet, Litten edo Popplio, Kalos guneko Froakie, Chespin, zein Fennekin, eta, bukatzeko Paldea-n ezagutu genituen Fuecoco, Sprigatito eta Quaxly hauta ditzakegu abenturari ekiteko.
Nemok sortutako pokémon berriak ere ageri dira, gainera: Emerald Seaglasseko hainbat pizti aurkituko ditugu Lazarusen.
Gau eta egun zikloa, zailtasun maila altua, munduan zehar agertuko diren pokémon basatiak, minijokoak, puzzleak… eta, noski, ohiko gimnasioetako liderren kontrako borrokak, misterioak, jantziak, megaeboluzioak eta bestelakoak ikusiko ditu probatzera animatzen denak. Sekulako lana egin du garatzaileak, Game Freak-en jokoen edozein zalek gozatzekoa.
Pokémon Lazarusen jokatzeko beharrezko adabakia Nemoren Ko-Fi orrialdetik jaitsi dezakegu. Hala eta guztiz ere, Pokémon Emerald TrashMan ROM fitxategia beharko dugu adabakia erabiltzeko: jarraibideak adabakiarekin batera deskargatuko ditugu.
Lander Unzueta
Iruzkinak