Erdi Aro Japoniarreko girotzea, borrokak eta mekanika berriak ekarriko ditu. Urtarrilaren 28an estreinatuko da Nintendo-ren Switch kontsolan.
Pokémon frankiziaren jarraitzaileak saga goitik behera aldatuko duen jokoa aspalditik zeuden zain. Legends: Arceus hori beteko duen jokoa izango dela dirudi: eskainiko duen mugarik gabeko mundu irekia erakutsi dute garatzaileek gaur zabaldutako bideoan.
Arduradunek “orain arte ikusi gabeko Pokémon abentura” izango dela diote; izan ere, txandakako borrokak zein ibilbide estuak alboratu, eta borroka dinamikoagoak nahiz esploratzeko gune erraldoiak ikusiko dituzte pokémonzaleek obra honetan.
Girotzea berria izango da baita: Erdi Aro Japoniarrean oinarritutako istorioa kontatuko du hurrengo jokoak. Kondairek eta mitoek berebiziko garrantzia edukiko dute modu horretara, folklore japoniarreko ipuinak jarraituta.
Orain egun batzuk berritasun guztiak sakontasunean azaltzen dituen bideoa zabaldu zuten Nintendokoek; hala ere, japoniarrez soilik hedatu zuten. Trailerrean borrokak erakusten, Hisui lurraldeko —antzinako Sinnoh— kokaleku anitzak zerrendatu eta erabili ahalko diren objektuak zehazten dituzte.
Pokémon Legends: Arceus urtarrilaren 28an merkaturatuko dute; Switch kontsola hibridorako esklusiboa izango da.
Iruzkinak