Sakelako munstroen premisa orokorra aldatuko du, Lumiose hiria protagonistan bilakatuta. Pokémon Presents aurkezpena iragarri dute ekainaren 22rako.

The Pokémon Company, Game Freak eta Nintendo taldeek Pokémon Legends: Z-A urriaren 26an plazaratuko dutela iragarri dute. Nintendo Switch gailurako zein datorren astean estreinatzen den Switch 2 kontsolarako bertsioak egongo dira.

Prentsa oharraren bitartez azaldu dutenez, Switcheko bertsioa Switch 2rako hobetu ahalko dute erosleek gaurkotze adabakiaren bitartez. Atal grafikoa hobetuko eta segundoko irudien tasa areagotuko dira kontsola berrian.

Legends azpisagako atal berriak Arceus jokoan ikusitako antzeko oinarriak mantenduko ditu, oinarrizko sagatik aldenduz. Munstroen arteko borrokak, piztiak ehizatzea eta JRPG abentura bere horretan mantenduko dira, baina, oraingoan, dueluetako zein harrapatze mekanikak pixkat desberdinak izango dira.

Denbora errealeko mekanikak ikusiko ditugu, hortaz: piztiak ehizatzerakoan guk jaurtiko ditugu pokéball-ak apuntatze sistemaren bidez, adibidez. Borroketan ere denbora errealean ariko gara, eta gure pokémonen kokalekuak nahiz irisgarritasunak pisua hartuko du eraso batzuk jaurtitzerako orduan. Gainera, gure pertsonaiak arerioen abileziak saihestu beharko ditu, pokémon basatiek gu erasotzeko gai izango baitira.

Pizti askeok gune basatietatik sakabanatuta aurkituko ditugu. Izan ere, Kalos eskualdeko Lumiose hirian kokatuko da Z-A. Hiriko toki desberdinetatik ariko gara bueltaka eta borrokan, baina, sakelako munstroen bila aritzerakoan, gune berezi hauetara jo beharko dugu.

Chikorita, Tepig eta Totodile izango dira hasierako pokémonak oraingoan; horrez gain, megaeboluzio maitatuak itzuliko direla baieztatu dute egileek.

Iragartzeko berritasun gehiago dituztela dirudi; hots, ekainaren 22an Pokémon Presents aurkezpen berezia prestatuko dute.

Urriaren 26an Switch eta Switch 2 kontsoletan kaleratuko da Pokémon Legends: Z-A.