Megaeboluzioak eta erronkak izango dira nagusi kanpaina berriarekin batera. Switch kontsoletan jokatuko dugu.

Game Freak, The Pokémon Company eta Nintendok enpresek Pokémon Legends: Z-Aren lehen espantsioaren data zehaztu dute. Mega Dimension eduki gehigarria abenduaren 10ean estreinatuko da.

Duela aste batzuk ezagutu genuen DLCaren edukiak zehaztu dituzte, baita. Lumiose hiri barnean kokatutako dimentsio berrira bidaiatuko dugu: Hyperspace Lumiose.

Berritasunak eta aldaketa esanguratsuak aurkituko ditugu toki bitxian. Hasteko, megaeboluzio berriak nabarmentzen dituzte egileek: Raichu (X zein Y), Chimecho edo Baxcalibur piztien mega formak ezagutuko ditugu espantsioan.

100. maila ez da muga izango Mega Dimensionen. Lehen aldiz, sakeleko munstroak 150. mailara arte entrenatu ahalko ditugu; itxura batean espantsioko guneekin eta pizti zehatzekin soilik gaindi daiteke ohiko muga.

Istorio berria biziko dute jokalariek: Z-Ako pertsonaia batzuek errepikatuko dute, baina aurreko Pokémon jokoetako aurpegi ezagunak ere ageriko dira hiperespazioko Lumiose hirian.

Joko originala urrian estreinatu zen. Legends azpisagako bigarren atala izanik, Pokémonen ohiko mekaniketako batzuk eraldatzen ditu, denbora errealeko borroka dinamikoak proposatzeko. Harrera nahiko ona eduki du jokalarien artean, azken urteotako atalik onenetarikoa izatera iritsiz.

Pokémon Legends: Z-A Mega Dimension abenduaren 10ean estreinatuko da Switch 2 eta Switch kontsoletan. Oinarrizko jokoa edukitzea beharrezkoa izango da jokatzeko.