Giza itxurako Ditto munstroa kontrolatuko dugu pokémon izakiekin batera herrixkak sortzeko. Switch 2 kontsolako esklusiboa izango da.

Pokémon Pokopiaren kaleratze data zehaztu dute The Pokémon Company, Game Freak eta Nintendo taldeek. Sormen titulua 2026ko martxoaren 5ean estreinatuko da.

Koei Tecmo enpresarekin elkarlanean garatzen dabiltzan bideojoko berria da Pokopia. Txandakako borrokak alboratu, eta eraikitzea zein sortzea izango dira ardatza; horrela, giza itxura hartu duen Ditto bilakatuta, lagunekin batera herrixkak antolatzen eta kudeatzen jarriko gaitu bideojokoak.

Lagunok, baina, beste pokémon piztiak dira. Hauen abileziak kopiatuko ditu Dittok, sormenera bideratutako ahalmen berriak eskuratuz: adibidez, Squirtle-n ur pistolarekin landareak urezta ditzake. Herria txukuntzen joan ahala pokémon berriak etorriko dira, gure etxea aberastuz zein bestelako mugimenduak desblokeatuz.

Blokeen munduak eta sormenera bideratutako jokagarritasunak Minecraft edo Animal Crossing gogorarazi ditzake; horiekin batera, Koei Tecmok garatutako Dragon Quest Builders 2 aipatu beharra dago, Pokopikoak bere oinarriak hartzen baititu zentzu askotan.

Dataren iragarpena bideo berririk gabe egin dute, baina lasai: bihar 15:00etan argitaratuko dute Pokopiaren bigarren trailerra.

Switch 2 gailuko esklusiboa izango da Pokémon Pokopia. Esan bezala, datorren urteko martxoaren 5ean merkaturatuko da.