Kudeaketa pokémonekin batera egingo dugu. 2026ko udaberrian estreinatuko da Game Freak eta Koei Tecmo japoniarren arteko elkarlana.

Pókemon Pokopia aurkeztu dute The Pokemon Company-k eta Nintendo-k. Herrixkak eraikitzea eta kudeatzea proposatzen du obra goxoak, nola ez, sakelako munstroentzat.

Titulua joan den ostiraleko Nintendo Direct emanaldian ezagutzera eman zen. Garatzaileen aldetik ere ezustekoa dator: Game Freakekoak Koei Tecmo taldearekin batu dira.

Gizaki itxura hartu duen Ditto pokémon kopiatzailea gidatuko dugu ikuspegi isometrikoa hartzen duen abentura ederrean. Geu ere sakelako munstroa izanik, gainerako pokémonekin hitz egiteko eta hauen lagun egiteko ahalmena daukagunez, gure eraikitze lanetan laguntza jasoko dugu Bulbasaur, Squirtle, Charmander eta gainerakoen aldetik.

Adibidez, Bulbasaurren abileziak kopia ditzake Ditto protagonistak: horri esker, gure etxean belarrak sor ditzakegu, horrela pokémon gehiago erakartzeko txoko goxootara. Squirtlekin, bestalde, ur pistola ahalmena ikas dezakegu landareak eta belarrak ureztatzeko. Gau eta egun zikloarekin, gertakizun eta jazoera desberdinak biziko ditugu.

Dragon Quest Builders —bigarrena Koei Tecmorekin batera sortutakoa da, Pokopia bezala—, Minecraft, Stardew Valley edo Animal Crossing bezalako tituluen oinarriak hartzen dituela esan daiteke, beraz. Gure helburua ahalik eta herrixkarik ederrena zein oparoena prestatzea izango da, bidean eraikinak —Pokémon zentroak barne—, soroak eta beste hainbat elementu sortuta. Horrekin batera, are pokémon gehiago iritsiko dira gurera, abilezia gehiago eskainita.

Multijokalari aukerak ere aurreratu dituzte egileek: Animal Crossingen egin antzera, beste jokalariak gure herrixkara gonbida ditzakegu.

Argitaratze data zehatzik gabe, datorren urteko udaberrian merkaturatzeko asmoa agertu dute The Pokémon Companykoek. Nintendo Switch 2 kontsolako esklusiboa izango da Pokopia.