Pokémon Day-ko ospakizunen artean egongo da zuzenekoa: Red eta Green jokoen urteurrenean, hain zuzen ere.
Pokémon zaleak zain zeuden, eta The Pokémon Company-koek, Game Freak-ekoek eta Nintendo-koek baieztatu egin dute azkenik. Pokémon Presents aurkezpena dator, eta aurreikusi zitekeen modura, otsailaren 27an egingo dute.
Zergatik espero zen egun horretarako? Pokémon Dayrekin bat egingo duelako; hau da, Game Boy kontsolako lehen Red eta Green Japonian estreinatu ziren egunaren urteurrenarekin.
15:00etan hasiko dute aurkezpena: ohi bezala, Pokémonen YouTube kate ofizialetik jarraitu ahalko da ekimena. Aurreratu dutenez, 20 minutuko iraupena edukiko du.
Zer ikusiko ote dugu bertan? Pokémon GO zein Unite arrakastatsuen eguneraketak eta berritasunak espero dira, noski; horrez gain, ez da harritzekoa izango Switch-eko Scarlet eta Violet berrien espantsioak ikustea.
Hala ere, horren egun berezia izanik, lehen jokoekin zerikusia duten tituluak ere espero dira. Pokémon Red, Blue, Green eta Yellow ataletako Kanto eskualdera itzultzeko unea al da?
Otsailaren 27an jakingo dugu; aipatu modura, arratsaldean emango dute Pokémon Presents zuzenekoa.
Iruzkinak