Red eta Green originalen urteurrena ospatuko dute beste behin. Pokémon Legends Z-A ikustea espero da.
The Pokémon Company taldeak Pokémon Presents aurkezpena iragarri du. Urtero lez, otsailaren 27an egingo dute.
Hautatutako data berezia da; izan ere, Pokémon Eguna dugu. Pokémon Gorria zein Berdea (Red eta Green) originalen urteurren japoniarrari dagokio: 1996ko otsailaren 27an jaio ziren sakelako munstroen lehen tituluak.
15:00etan hasiko dute hurren Pokémon Presentsa: ohi bezala, Pikachu eta lagunen YouTube kate desberdinetatik jarraitu ahalko dugu.
Zer espero dugu? Hasteko, dagoeneko iragarritako Pokémon Legends Z-A misteriotsuaren xehetasun guztiak. Nintendo-k aurten argitaratzeko asmoa zeukala berretsi zuen duela aste batzuk argitaratutako finantza txostenean; hortaz, emanaldi aproposa da Legends azpisagako titulu berria aurkezteko.
Aurreko Legends Arceus mundu erdi irekiko JRPG interesgarria izan zen. Z-Arekin proposamena errepikatzea espero da, girotze modernoagoarekin eta megaeboluzioen itzulerarekin.
Bestalde, Pokémon Trading Card Game Pocket karta jokoaren edo Pokémon Unite MOBA tituluaren berritasunak ere aurreikusten dira zuzenekoan.
Bukatzeko, ustekabekoren bat edo beste egoteko aukera nabarmendu beharra dago. Pokémonek 30 urte beteko ditu 2026an: agian urteurrenera zain dabiltza joko bereziren bat iragartzeko, edo zuzenean aurten aurkezteko aukera egon daiteke, datorren urtean kaleratzeko.
Datu bezala, 2024a izan da, aspalditik, Pokémon joko nagusirik gabe igaro den urtea: 2015etik urtero jaso dugu sagako titulu handiren bat.
Astebete barru, otsailaren 27an, ikusiko dugu Pokémon Presents aurkezpenean.
Iruzkinak