Mega Garchomp Z gehitu dute Legends: Z-A tituluan. Pokémon Champions apirilean estreinatuko da.

Pokémonen arduradunek frankiziaren 30. urteurrena ospatu dute. Presents aurkezpen bereziarekin Pokopia edo XD: Gale of Darkness tituluen berritasunak eskaini dituzte.

Ostegunean, martxoaren 5ean, iritsiko da Pokopia, eta azken xehetasunak ezagutzera emateko aprobetxatu dute The Pokémon Company-tik. Lau jokalarirentzako multijokalari modalitateak izan dira ezusteko nagusia: gainerako erabiltzaileen herrixkak bisitatuko ditugu, Animal Crossing-en egin antzeran, hainbat ekintzetan parte hartzeko.

Prop hunt estiloko ezkutaketa jokoa prestatu dute, adibidez, inguruneko elementuetan bilakatuz; sukaldaritza lanetan ere ariko garela iragarri dute, Greedent pokémon sukaldariaren laguntzarekin, Ditto protagonisten botereak indartzeko; bukatzeko, abentura erraldoietan parte hartzeko aukera egongo da lagunekin batera. Pokopia uste baino handiagoa izango dela dirudi: pokémon eta bioma mordoa egongo dira esploratzeko.

Pokémon XD: Gale of Darkness izan zen ostiralean eskainitako aurkezpenaren beste izar nagusia. Nintendo GameCube kontsolan 2005. urtean argitaratutako abentura Switch 2ra iritsiko da martxoan kontsola birtualaren bitartez. Bigarren 3D Pokémon handia izan zen, Colosseum-en ostean.

Berezko abenturekin eta istorioarekin batera, itzal pokémonak aurkeztu zituen: kutsatutako piztia bereziak. Hauek harrapatzen eta sendatzen joan beharko gara, ohi bezala, txandakako borroketan parte hartuz zein esploratuz. Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidedunak izan beharko gara, gainerako GameCubeko jokoekin bezala, Pokémon XD: Gale of Darkness eskuratzeko.

Ez ziren pokémonen 30. urteurrenean aurkeztutako bideojoko bakarrak izan, ordea. Erabateko izarra frankiziaren hamargarren belaunaldia izan zen: Pokémon Winds eta Pokémon Waves aurkeztu zirela ezagutarazi genuen ostiralean.

Horiekin batera, Pokémon Legends: Z-Aren espantsioko mega eboluzio berria ikusi genuen: Mega Garchomp Z. Mega Dimension eduki gehigarria daukatenek dagoeneko harrapatzeko eta erabiltzeko aukera daukate.

Bukatzeko, sakelako munstroen arteko borrokei erabat bideratutako Pokémon Champions interesgarriaren berritasunak jaso ditugu. Switch kontsoletako bertsioa apirilean estreinatuko dela jakinarazi dute The Pokémon Companykoek: urtea bukatu aurretik, Android eta iOS bertsioak ikusiko ditugu.

Bi formatu, hiru borroka mota eta Pokémon Home ezaugarriarekin piztiak beste jokoetatik Championsera eramateko ezaugarria nabarmentzen dituzte The Pokémon Works taldeko garatzaileek.

 

Berritasunak FireRed eta LeafGreen klasikoetan

Iragarpenetatik at, baina, zeharo garrantzitsuak, dira ostiralean Switch kontsoletan kaleratu zituzten Pokémon FireRed eta LeafGreen jokoen berritasunak. Probatzen ari diren jokalarien Game Boy Advance eramangarrian ikusi gabeko hainbat ezaugarri berezi nabarmendu dituzte.

Adibidez, bere garaian The Pokémon Companyk antolatutako ekitaldi eta jardunaldi berezietan, pokémon bereziak lortzeko objektuak banatzen ziren. Objektu hauek gabe, ez zen posiblea kondairazko pizti batzuk harrapatzea; Switcheko bertsioetan, baina, Mystic Ticket eta Aurora Ticket objektuak aurki daitezke. Horiei esker Lugia, Ho-oh eta Deoxys legendarioak eskuratuko dituzte jokalariek.

Kondairei lotuta, hauek harrapatu ordez, borroketan bizitza zerora jaisten badiegu, berragertu egingo dira. Amaitzeko, kondairazko txakurren —Entei, Raikou eta Suicune— akats esanguratsua konpondu dute: Roaming Roar Glitch izenekoa. Jatorrizko bertsioan, ihes egiteko orro mugimendua erabiltzen zutenean, guztiz desagertzen ziren, harrapatzeko aukerak deuseztatuz.

Pokémon FireRed eta LeafGreen eShop bidez eros daitezke Switch gailuetan.