Pokemon Presentsean Legends Arceus, Diamond eta Pearlen remakeak aurkeztu dituzte, New Pokemon Snapi buruzko berritasunekin batera.
Pokemon Red eta Green (Japonian Blue beranduago estreinatu baitzen) orain 25 urte argitaratu ziren eguzkiaren sorrera ematen den herrialdean. 1996ko otsailaren 27an, hain zuzen ere, fenomeno hutsa bilakatu den saga Game Boyan hasiera eman zion Game Freak garatzaileak.
Hori ospatzeko Pokemon Presents aurkezpena egin zuen The Pokemon Companyk pasa den ostiralean. Tsunekazu Ishihara The Pokemon Companyko presidentea eta Takato Utsunomiya enpresako operazioen arduradun nagusia izan ziren bertan urte berezi honetan patrikako munstroen sagak jasoko dituen bideo-joko berriei buruz hitz egiteko.
Zaleek hainbat urte daramatzate sagaren oinarriak handituko dituen obra eskatzen. Hori betetzeko lanean ari direla agindu dute Pokemonekoek, saga “aro berri batean sartuko dela” adierazita Pokemon Legends Arceusen iragarpenarekin. Japonia feudalean girotutako Sinnoh eskualdera bidaiatuko dute jokalariek, entrenatzaileak eta Pokemon Liga oraindik existitzen ez ziren garai batera, hain zuzen ere.
Mundu irekiko abentura honek akziozko zein RPG mekanikak batuko dituela nabarmendu dute garatzaileek. Pokemon basatiak ikertu eta harrapatzea izango da helburua, nola ez: horretarako garai hartako egurrezko Pokeballak erabili beharko dira, baina aurretik piztien portaera aztertzea ezinbestekoa izango da harrapatzeko.
Borrokak ere hor egongo dira. Jokalariek harrapatutako pokemonak basatien ondora jaurtita ohiko borrokak hasiko dira Legends honetan. Hasieran aukeratu beharreko pokemonak ere aurkeztu dituzte, izen ezagunak izanik: Rowlet, Cyndaquil eta Oshawotten artean hautatu beharko da oraingoan. Istorioaren ardatza elezaharretako Arceus pokemona izango da, jokoaren izenak adierazten duen bezala.
The Legend of Zelda: Breath of the Wild gogorarazten duen atal grafikoarekin, argi dago oraindik garapen prozesu luzea geratzen zaiola Pokemon honi, baina arduradunek datorren urte hasieran kaleratuko dutela aurreratu dute; hobekuntzak ikusteko denbora dago beraz.
Laugarren belaunaldira itzuliz
Legends ez zen Sinnoh eskualdean oinarrituta dagoen aurkeztutako joko bakarra izan ostiralean. Jatorriz Nintendo DSrako kaleratutako Diamond eta Pearlen remakeak prestatzen ari dira Pokemon Companykoak, Brilliant Diamond eta Shining Pearl izenekin.
Chibi estilo batekin joko originalaren estetika eraberritu nahi izan dute. ILCA estudioa arduratuko da remakearen garapenaz; Game Freakek Pokemonen joko nagusietako baten ardura beste garatzaile bati pasatzen dion lehen aldia da. Halere, Junichi Masuda Game Freakeko langile ohia eta Pokemonen hainbat jokoren zuzendariak hartuko du berriz erantzukizuna.
Jatorrizko jokoen istorioa zintzoki jarraituko duten remakeak izango dira bi hauek. Legends baino lehenago helduko dira Switchera: 2021eko azken hilabeteetan merkaturatzea aurreikusten dute arduradunek.
Klasiko baten jarraipena
Dagoeneko iragarritako New Pokemon Snap izan zen aurkezpeneko beste protagonistetako bat. Nintendo 64ko argazki jokoaren jarraipena berritasun handirik gabe argitaratuko dela dirudi: errailek osatutako ibilbidea jarraitu beharra baino ez da egongo abentura honetan, pokemon basatiei argazkiak ateratzea izanik egin beharreko nagusia.
Hori bai, elementu eta mekanika berriak erakutsi zituzten trailer batekin. Illumina Orb deitutako objektuak pokemonei jaurtita hauek argi egingo dute, argazki ederragoak lortzea ahalbideratzeko. Ibilbide bakoitza bukatzerakoan kalifikazio taula ikusiko dute jokalariek; argazkiak sarera igotzeko aukera egongo da, eta argazki arrakastatsuenek agerikotasuna irabaziko dute.
Aipatutako hiru jokoetatik argitaratuko den lehena izango da New Pokémon Snap; apirilaren 30ean helduko da Nintendo Switchera.
Iruzkinak