Pokémonen eguna ospatzeko ekimen berezian jokoen iragarpenak eta gehiago egitea espero da.
Nintendo-ri lotutako aurkezpenen eguna da gaurkoa. Nintendo Direct Partner Showcase berria jasoko dugula ezagutu ostean, The Pokémon Company taldeak berezko ekitaldia iragarri du: Pokémon Presents zuzenekoa egingo du otsailaren 27an.
Ez da egun horretan egiten duten lehen aurkezpen handia; izan ere, egun garrantzitsua da Satoshi Tajiri sortzaileak abiatutako frankiziarentzat. Pokémonen eguna da otsailaren 27a: 1996. urtean Pokémon Red eta Green estreinatu ziren Japonian egun horretan.
Hurrengo Pokémon Presentsa 15:00etan hasiko dute, eta sakelako munstroen YouTube kate desberdinetatik jarraitu ahalko dugu.
Ikusiko duguna, baina, ezezaguna da. Datu bakarra daukagu: Netflix-ekin elkarlanean ekoiztutako Pokémon Concierge animazio telesail ederrak denboraldi berria jasoko duela. Trailerra ikusteko aukera hor dago, beraz.
Beste guztia zurrumurrei lotuta dago. Indartsuena Pokémonen bosgarren belaunaldiari lotutakoa da: otsail hasieran Pokémonen sare sozial ofizialek Zekrom piztia protagonista zeukan bideoa argitaratu zuten, bestelako daturik eman gabe. Hortaz, bera nahiz Reshiram zuria ardatz zituzten jokoen berregiteak ikus ditzakegu.
Ez litzateke harritzekoa izango, azken berregiteak laugarren belaunaldiko Pokémon Brilliant Diamond eta Pokémon Shining Pearl izan baitziren.
Iturri desberdinek bigarren belaunaldia aipatzen dute, ordea. Let’s Go Pikachu eta Let’s Go Eevee tituluekin egindako antzeko zerbait prestatzen ibiliko ziren, diotenez; hau da, bigarren belaunaldia oinarri hartuta aldaketa esanguratsuak dakartzan obra alternatiboak jasoko genituzke.
Bestelako iragarpenei dagokienez, Pokémon GO edo Pokémon Unite mugikorretako jokoen eguneratzeak eta berritasunak ere ikus ditzakegu.
Esandakoa: Pokémon Presents otsailaren 27an ikusi ahalko dugu, 15:00etatik aurrera.
Iruzkinak