Joko kooperatiboan beste hiru lagunekin batera aritzea ahalbidetuko dute atal honetan. Pizti legendarioak ezagutzera eman dituzte.
The Pokémon Company-koek, atzo esandakoa beteta, Pokémon Scarlet eta Violet interesgarrien trailer berria zabaldu dute. Tituluari buruzko askotariko informazioa eskaintzeaz gain, argitaratze data zehaztu dute bideoarekin: azaroaren 18an kaleratuko da Nintendo Switch kontsola hibridoan.
Iberiar penintsulan oinarritutako mundu ireki erraldoia esploratzeari ekingo diote oraingoan entrenatzaileek. Girotze anitza ikus daiteke bideoan: mendi harritsuak, elurrez betetako bazterrak, hondartza eguzkitsuak eta hiri ederrak bisitatuko ditugu hemen.
Sakelako munstro berrientzako tartea ere egon da. Aurreko trailerrean ezagutu genituen Spirigatito, Fuecoco eta Quaxyl hasiberriekin batera Lechonk, Smoliv eta Pawmi ezagutzera eman dituzte oraingoan. Pokémon legendarioak ere azaldu dira bideoan: izenik eman gabe, bi musker erraldoi izango dira Scarleteko eta Violeteko izaki indartsuenak.
Irakasleen aldetik ere berritasunak ikusiko ditugu: Sada eta Turo irakasleak arduratuko dira gure bidaia gidatzeaz oraingoan, eta Nemona izeneko aurkariarekin biziko ditugu lehen borrokak.
Atal grafikoari dagokionez, titulu helduagoaren aurrean gaudela dirudi. Orain arteko estetika borobila eta estilizatua alboratu, eta pertsonai desberdinek diseinu serioagoak eta konplexuagoak dituztela ikus daiteke. Mundu irekian Pokémonak libreki azalduko zaizkigu, azken Legends: Arceus-en zein Sword eta Shield tituluetan agertu bezala.
Hori horrela, borrokak guk hasteko aukera izango dugu, ausazkoak izan beharrean. Borrokak ere azaltzen dira trailerrean, baina interfazerik erakutsi gabe: ohiko mekanikak mantenduko dituztela suposatzen dugu.
Horrez gain, berritasun esanguratsuen artean lau adiskide elkarrekin aritzeko aukera egongo da. Bai, joko kooperatiboa izango du abenturak; are gehiago, kasu honetan joko osora lagunekin joka ahalko dela adierazi dute arduradunek.
Pokémon Scarlet eta Violet Switchean merkaturatuko dira azaroaren 18an.
Iruzkinak