2022 bukaeran estreinatuko dira Nintendo Switch kontsolan. Hasierako hiru piztiak erakutsi dituzte.
Agindu bezala, The Pokémon Company-koek aurkezpen berezia egin dute beren frankiziaren urteurrena ospatzeko. 26 urte bete dira Pokémon Red eta Green Japonian argitaratu zirenetik; horien omenez sagako atal berriak erakutsi dituzte: Pokémon Scarlet eta Violet.
Xehetasun gutxi emanda, baina kokaleku zein sakelako munstro berriak iragarrita egin dute aurkezpena trailer labur batekin. Girotzea kostaldean emango dela dirudi: eguzkiz betetako guneak azaldu dira lehen bideoan. Iberiar penintsulan oinarritu direla esan daiteke: hiri nagusiak Bartzelona gogorarazten du, Familia Santuaren tenplu eta guzti; trailerrean mundu errealeko mapa ikus daiteke, gainera. Hori bai, mugarik gabeko mundu irekia agindu dute abentura berrirako.
Abentura berri hauen hasieran hauta daitezkeen Pokémonak ere erakutsi dituzte: Sprigatito, Fuecoco eta Quaxly izango dira; landare motako katua, suzko dinosauroa eta ur motako ahatea izango dira, hurrenez hurren.
Legends: Arceus, Shining Pearl zein Brilliant Diamond eta New Pokémon Snap abenturak orain gutxi estreinatu ziren arren, Scarlet eta Violet aurten ikusiko ditugula dirudi: 2022ko bukaerarako prest izatea aurreikusten dute Game Freak-eko arduradunek.
Iruzkinak