Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren harpidedunek jokatu ahalko dute Nintendo 64ko klasikora.

Nintendok bere 64 bits-eko titulu klasikoak Switch kontsola modernora eramaten jarraitzen du. Hurrengo bideojokoa Pokémon Snap maitatua izango dela iragarri dute japoniarrek: ostiralean, ekainaren 24an, argitaratuko dute gailu hibridoan.

HAL Laboratory estudioaren lan berezia 2000. urtean estreinatu zen hemen (1999an Japonian); garai hori bizi zutenentzako nostalgiaz betetako bideoarekin eman dute berria. Proposamena sinplea baina dibertigarria da: sakelako munstroen argazkilariak izango gara hemen. Ez dugu piztirik harrapatu edo entrenatu beharko, beraz.

Modu batera, errail gaineko tiro jokoa dela esan dezakegu —pistolak argazki makinarekin ordezkatuta, noski—. Maila bakoitzean automatikoki jarraituko dugun bideari ekingo diogu. Tresna desberdinak erabilita munstro gehiago azaltzea lortuko dugu, hauek ekintza berriak egitea zein beste bide sekretu batzuk aurkitzea. Lehen 150 Pokémonetik 63 azaltzen ziren Snapen.

Orain gutxi kaleratu zuten bigarren atala Switcherako: New Pokémon Snap. Antzeko mekanikak izan arren, zaleek argi daukate; ez dago originala bezalakorik.

Nintendo 64ko titulura kontsola hibridoan jokatzeko, Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren harpidedunak izan beharko gara ezinbestean; ez da bideojokoa bakarka erosteko aukerarik egongo. Horixe bera gertatzen da N64ko gainerako lanekin. Hauek dira orain arte estreinatu direnak:

  • Super Mario 64
  • The Legend of Zelda: Ocarina of Time
  • The Legend of Zelda: Majora’s Mask
  • Mario Kart 64
  • Star Fox 64
  • Operation WinBack
  • Yoshi’s Story
  • Mario Golf
  • Dr. Mario 64
  • Mario Tennis
  • Paper Mario
  • Sin & Punishment
  • Pokémon Snap
  • F-Zero X
  • Banjo-Kazooie

Pokémon Snapekin zerbitzu eraberritua iragarri zutenean agindutako N64ko joko guztiak argitaratu dituzte. Ikusteko dago ea orain klasikoekin jarraituko duten —oraindik izen handi asko falta dira, Super Smash Bros adibidez—, eta emulatzailea hobetzen segituko. Zerbitzua abiatzerakoan hainbat izan ziren jokoekin jazotako arazoak; orain gutxiko Kirby ere ez zen salbatu horretaz.

Ostiralean merkaturatuko dute Pokémon Snap Switchean.