Isle of Armorrek kokaleku eta pokemon berriak gehituko ditu. Bigarren DLCa udazkenean kaleratuko du The Pokemon Companyk.
Argitaratze data jaso du azkenik Isle of Armorrek. Pokemonen zaleek ekainaren 17an eskuratu ahalko dute Sworden eta Shielden lehen espantsioa Nintendo Switchean.
Espantsioaren berritasun aipagarriena ekarriko duen kokaleku berria izango da: armaduraren irla. Bertan dagoen dojoan hasiko dute abentura entrenatzaileek, Kubfu izeneko pokemona lortuta. Pokemon horrek eboluzionatzerakoan berezitasunak izango ditu, bera entrenatzeko toki berezi bat aukeratu beharko baitute jokalariek. Gainera, Gigamax transformazioa erabiltzeko ahalmena ere edukiko du.
Gigamax forma aipatuta, pokemon gehiago ere erabili ahalko dute: Blastoisen eta Venusaurren transformazioak ikus daitezke trailerrean. Regieleki eta Regidrago bezalako pokemon berriak ere erakutsi dituzte. Gainera, Slowbro, Articuno, Zapdos eta Moltresek Galarreko formak edukiko dituzte.
Aipatutakoekin batera, Isle of Armor askotariko ezaugarri berriekin kaleratuko dute The Pokemon Companyko arduradunek. Bigarren espantsio handiak ez du argitaratze data zehatzik oraindik; Crown Tundra udazkenean kaleratuko dutela agindu dute garatzaileek.
Iruzkinak