Pokemon Unite Nintendo Switcherako eta mugikorretarako bideojokoa da. 5 jokalariz osatutako bi taldek lehiatuko dute bertan.
New Pokemon Snap aurkeztuta, The Pokemon Companykoek aste honetan “proiektu handia” aurkeztuko zutela agindu zuten, eta hala izan da. Tencent Gamesekin elkarlanean sakelako munstroek beraien lehen MOBA jokoa edukiko dute: Pokemon Unite.
League of Legends edo DOTA 2 bezalako lanen bidea jarraituta, Pokemon Uniten ardatza hamar jokalariko partidak izango dira; bost entrenatzailez osatutako bi talde lehia bizian ariko dira MOBA horretan.
Talde bakoitzaren helburua pokemon basatiak harrapatuta ahalik eta puntu gehien eskuratzea izango da. Gainera, aurkariak mapatik zehar sakabanatuta edukiko dituen kontrolguneak suntsitu ahalko dira. Guzti hori lortzeko, nola ez, entrenatzaile bakoitzak bere pokemona aukeratu beharko du.
Aurkezpenean hamar pokemon desberdin ikusi dira: Pikachu, Lucario, Gengar, Snorlax, Charizard, Blastoise, Venusaur, Clefable, Talonflame eta Machamp. Partidetan horiek eboluzionatzea posible izango da, borrokatuz mailaz igoko baitira. Mailak igonda pokemonak indartu eta mugimendu berriak eskuratuko dituzte.
Pokemon Unite doako bideojokoa izango da; Nintendo Switchean eta mugikorretan estreinatuko da. The Pokemon Companyk ez du argitaratze datarik zehaztu.
Iruzkinak