MOBA erako partidak proposatuko ditu The Pokemon Company-k TiMi Studios eta Tencent Games garatzaileekin elkarlanean sortutako obra honek.
Pasa den hilabetean ezagutu zuten sakelako munstroen zaleek Pokemon Unite multijokalaria uztailean argitaratuko zela Switch kontsola hibridoan. Azken momentuan zehaztu dute argitaratze data The Pokemon Companyko arduradunek: etzi estreinatuko da MOBA estiloko jokoa.
Iragarpena jostagarritasuna eta animaziozko borroka ikusgarriak batzen dituen trailerrarekin batera egin dute. League of Legends eta Dota 2 bezalako lan ezagunen bidea jarraituko du jokoak, Pokemon sagako mekanika eta pertsonaiekin nahastuta. Bost jokalariz osatutako bi talde elkarren aurka ariko dira partidetan, bakoitzak bere Pokemona kontrolatuta.
Guztira 20 bat munstro egongo dira hautatzeko. Ohiko Pokemonak egongo dira horien artean: Pikachu, Charizard, Gengar edota Greninja zerrendatu dituzte webgunean. Berritasun modura zazpigarren belaunaldiko Zeraora elektrikoa gehitu dute: hori erabili ahal izateko erabiltzaileek abuztuaren 31 baino lehenago jokatu beharko dute Unitera.
Switcheko bertsioaz gain Android eta iOS gailu mugikorretarako ere prestatzen ari dira MOBA jokoa. Oraindik argitaratze data zehaztu gabe, irailerako prest edukitzea aurreikusten dute TiMi Studioseko garatzaileek. Plataforma arteko jokoa baieztatuta dago: hiru plataformetako jokalariek elkarrekin eta elkarren aurka jokatu ahalko dute inolako mugarik gabe.
Unite ez da Pokemon saga mugikorretan estreinatuko den lehen aldia: The Pokemon Companykoak hainbatetan saiatu dira sakelako munstroak Nintendoren kontsoletatik harago hedatzen Pokemon Quest, Pokemon Cafe Mix eta nola ez, Pokemon GO ezaguna eskuragarri daude Android zein iOS gailuetan.
Iruzkinak